Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
Friki Txoko XI – 100 Bullets
Komikiaren mundura itzultzen gara oraingoan Brian Azzarello gidoigile estatubatuarrak eta Eduardo Risso marrazkilari argentinarrak sortutako lan ikaragarri bat aurkezteko.
Isabel “Dizzy” Cordova kartzelatik atera berri da, barruan zegoen bitartean bere bikote eta semea erahilak izan ziren. Galera latz hori eta gero bere bizitza berregin dezakeen oraindik zalantzan dagoenean, gizon misteriotsu baten bisita jasotzen du. Gizon horrek maleta bat oparitzen dio eta maleta horren barruan pistola bat, 100 bala eta bere familia erahil dutenak bi polizia direla frogatzen duten probak daude. Bala horiek poliziarengatik jarraituezinak direla esaten dio ere eta bere mendekua aurrera eramateko bidea libre duela ziurtatzen dio ere Graves ajentea bezala aurkeztu den gizonak.
Zer egingo zenuke zuk zure bizitza izorratu duten pertsonen aurkako mendekua aurrera eramateko askatasuna izango bazenu?
Premisa kitzikagarri honekin hasten da lan itzel hau, maletina bezala, 100 komikiz osaturik dagoena, gure Dizzy ez da bakarra izango Graves jaunaren oparia jasoko duena eta zenbakiak aurrera joan ahala istorioa hedatzen joango da, Graves misteriotsuaren atzeko istorioa ere erakusten zaigun neurrian.
Lan hau 1999 eta 2009. urteen artean argitaratu zen lehenengoz eta gaur egun 4 liburu marduleko edizio batean topa dezakegu gazteleraz, baina 10 liburutan banatutako edizio bat ere badago. Brian Azzarellok ideia aurrera eramateko aukera izan zuenean hiru marrazkigile izan zituen hautagai baina Eduardo Risso-ren lanak ikusi zituenean ez zuen beste bi hautagaiena ikusi nahi izan ere. Onartu behar da argentinarraren lana ikaragarria dela eta marrazkiei begira minutuak hegaz joan daitezkela. Nobela beltzaren tonua da nagusi lanean baina testuinguru gaurkotu batekin, pertsonaia galeria erakargarri baten bidez gutxinaka argitzen joaten zaigun istorio misteriotsu baten inguruan.Irudi zoragarriz aurkeztutako mendeku eta konspirazio istorio batean murgildu nahi duen irakurleak “100 bullets” honekin aukera ezinhobea izango du.