Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
Friki Txoko XII – Diktadore bat, bi eleberri
Denboraldi berri honi hasiera emateko frikismoaren ziega ilun eta sakonetatik urrun mantenduko gara eta mainstream-a besarkatuko dugu, zure amonari ere gomendatzeko modukoak diren bi eleberri aurkeztuz. Hegoamerikak XX. Mendean zehar jasan zuen diktadore militarren izurritearen parte izan zen Rafael Leonidas Trujillo , 30 urtez, bere heriotza arte, Errepublika Dominikarra bere menpe izan zuen militar egolatra kupidagabea.
Gaurko bi eleberriek diktadura hori dute ardatz nagusi eta bi lan hauek erabiliko ditugu bere egileetaz pixkat hitz egiteko.
- La fiesta del chivo (2000) Mario Vargas Llosa peruarrak idatzitako eleberri honek protagonista ezberdinak ditu, haien artean diktadorearen gertukoa zen gizon baten alaba (asmatutako pertsonaia da hau) eta diktadorearen aurkako erasoa prestatzen diren gazte talde bat. Benetazko datuak asmatutakoekin nahasten ditu egileak eta liburuaren erritmoa igotzen doa irakurlearen arreta guztiz bereganatu arte. Idazlea bere gaztetasunean ezkerreko jarreren alde argi kokatu bazen ere, Peru-ko presidenteko hautagai izateko aurkeztu zen 1990. urtean eta oso gutxigatik Alberto Fujimori-ren kontra galdu zuen. Gaur egun Hola aldizkariaren azalean topa dezakegu Isabel Preysler-ekin batera edota Ciudadanos partiduarekin kanpaina egiten baina nobel literatur sariaren jabe den gizon honen idazteko trebezia ukaezina da eta eleberri hau honen froga ederra da.
- Galíndez (1990) Manuel Vazquez Montalban idazle bartzelonarra ere alderdi ezkertiarrekin lotura zuzena izan zuen gaztetatik baina berak Llosak ez bezala koherentzia eta autokritika maila serio bat mantendu duela esan daiteke. Idazle katalandarrak euskal pertsonai historiko misteriotsu honetan zentratutako eleberri hau osatu zuen pertsonaia eta garai ezberdinak igaroz. Jesus De Galindez PNV-ko kidea , erbesteko euskal gobernuko partaidea , Columbia-ko unibertsitateko irakaslea eta ustezko espioia da eleberriaren zentrua. Pertsona honek, erbestean egonda, 6 urte pasa zituen Errepublika Dominikarrean , Trujillo-ren aginpean eta honek bere bizitza guztiz baldintzatu zuen. Onartu beharra dut Vargas Llosa-rena baino pixkat gehiago kostatu zitzaidala irakurtzea baina esan beharra ere eleberri ikaragarri bat dela eta gainera Mikel Laboari omenaldi bat dagoela bere orrietan beraz zer gehiago eska daiteke.