Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
FrikiTxoko – Konfinamendurako gomendioak
Etxean inoiz baino ordu gehiago pasatzera behartuta gauden honetan, frikitxokoaren ale berezi batekin gatoz, gomendio sorta batekin, itxialdi kolektibo hau pixka bat arintzeko asmoarekin. Telesailak, pelikula eta dokumentalak nahastuko ditugu inongo irizpide zehatzik gabe (liburuak ez ditugu gomendatuko, hauek lortzea zailagoa delako garai hauetan):
- Twelve monkeys (filma). Birusetaz oraindik nahikoa nazkatuak ez bazaudete, hor doa klasiko moderno bat. “Hamabi tximuak” izeneko talde terrorista batek askatutako birus batek munduko biztanle gehienak hiltzen ditu eta hondamendiari saihesteko asmoz, etorkizunetik bidaiari bat bidaltzen dute. Bruce Willis, Brad Pitt, Monty Python-eko kide izandako Terry Gilliam zuzendari gisa eta pelikula benetan interesgarria.
- Gentefied (telesaila) Los Angeles hiriko Boyle Heights auzoa gentrifikazioaren biktima da eta telesail honetan auzo honetako familia mexikar bat eta bere jatetxe xumearen gorabeherak jarraituko ditugu. Umorearen ikuspuntutik gentrifikazio honen beraren, inmigrazioaren, identitatearen eta beste kontu askoren inguruko hausnarketak egiteko parada ere eskainiko digu telesail dibertigarri, triste eta mamitsu honek.
- Altered Carbon (telesaila). Eleberri batean oinarritutako telesaila, cyberpunk generokoa, (genero honetako maisulan bat gomendatua dugu iada txoko honetan) labur esateko, etorkizunean giroturiko genero beltza. Telesail honetan, aurrerapen teknologikoek pertsonen oroimen eta izaera gailu digital batean gordetzeko aukera ematen du. Honi esker aberatsenek ia hilezkorrak izateko aukera lortu dute edo nahi adina aldiz “berpiztekoa” nolabait esateko. Gizon ia ahalguztidun hauetako batek, aitzinako errebelde bat “berpiztuko” du bere azkeneko “estalkiaren” (hala deitzen diete bere okupatzen dituzten gorputzei) heriotzaren erantzulea bilatzeko.
- Unorthodox (telesail laburra) Benetako kasu batean oinarrituta, neska gazte batek bizitza guztia komunitate judu ultraortodoxo batean bizi eta gero, emazte sumisoaren papera jasan ezinik alde egitea erabakitzen du. Gaur egungo mundura moldatzea ez da zaila izango eta bere komunitatea ere ez da ezer egin gabe geratuko. Sinestezina dirudi nola gaur egun, New York bezalako hiri baten erdian horrelako mikro kosmos integristak daudela konprobatzea.
- The devil next door (telesail labur dokumentala). Gazteleraz “El nazi Ivan el terrible” deitu dute 4 zatitako dokumental hau. John Ivan Demjajuk Cleveland-en bizi zen 1981ean atxilotu eta epaitu zutenean. Ukranian jaioa bera, Treblinka-ko kontzentrazio kanpamenduko zaindari krudel eta sadikoena zela zioten han egondako hainbat juduk eta horregatik justiziaren aurrera eramaten zuten. Demjajuk-ek Estatu batuetan eta Israelen izan zituen epaiketen irudiekin dago osatua dokumentala, epaiketa hauetan parte hartu zutenen testigantzekin batera eta fikziozko epaiketa-telesail batena dirudien kasua erakutsiko zaigu.
- Watchmen (telesaila). Frikitxokoan bizki gomendatu genuen Alan Moore handiaren komiki famatuenetako bat hartzen du abiapuntu telesail honek. Jatorrizko komikia irakurri bada errazago sartzen da telesaila nire ustez baina hau irakurri gabe ere gustora gozatu daiteke. Damon Lindelof da gidoiaren arduradun nagusia eta “Lost”-en garapen desorekatua baino “The leftovers” bere beste lanaren ibilbide sendoagoa darama telesail honek, hau da, istorioan zehar harritzen gaituzten pasadizo bitxiek bukaera biribilago batera bideratzen gaituzte.