Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2022-11-09

Frikitxoko – Perdido Street Station

Ieeepa!! Hemen gaude berriro ere, behar baino denbora gehiago eta gero  gutixi paregabeak gomendatzen. Azkeneko frikitxokotik munduak hainbat bira oker eman dituen honetan, hemen duzue burua pixka bat haizeztatzeko aukera ederra. Hardcore jarriko gara oraingoan eta mundu fantastiko/steam- punk batean kokatutako eleberri bat dakargu gurera.”Perdido Street Station” (2000) China Meville britaniarraren lehenengo eleberrietako bat da eta nahiz eta agian eleberrian agertzen diren elementu asko ikusiak ditugun iada zientzia fikzioaren edo fantasiaren klasikoetan, idazleak erakusten duen lotsagabekeri eta irudimenak ukitu benetan bereizgarria ematen dio. Istorioa Bas-Lag izeneko mundu batean kokatzen da (berez trilogia baten lehenengo alea da hau, nahiz eta hiru istorioak banaka irakur daitezkeen lasai asko) ,zehazki mundu horretako hiri bakar batean, New Crobuzon. Eleberriak kokapen-sarrera tarte bat exijitzen du beraz,  baina behin gertaerak kateatzen doazenean, izaki ,leku eta egoera harrigarrien tour de force batean murgilduko gara bete-betean, hiriak berak, pertsonaia protagonistek adinako nortasuna hartzen duen bitartean. Benetan da txundigarria narrazioak aurrera egin ahala topatuko ditugun izaki mota ezberdinen galeria baina guzti horien bizipenetan zeharka aurkituko ditugu ere  agintari ustelak, arrazakeria,  gatazka sindikalak, errepresioa,…

Fantasia eta zientzia fikzio arruntari buelta eta erdi ematen dion eleberri baten bila bazaude, emaiozu aukera bat Perdido kaleko geltokiari eta Crobuzon Berriko aniztasun aluzinatuari, ez zara damutuko. Aurretik esan bezala, beste bi eleberri daude mundu zoro honetan kokatuta eta bigarrenak gutxienez, “The Scar” (2003) (hirugarrena ez dut oraindik irakurri) beste frikitxoko batean egoteko moduko esperientzia gozagarria eskaintzen du ere ;) 

Diseño y desarrollo Tantatic