Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
FrikiTxoko VIII : Eloy De la Iglesia
Oraingo hontan ere, denboraldi berri honetako lehenengo alean hartu genuen ikutu sozialarekin jarraituko dugu eta kaleko historia gordin ugariz osaturiko filmografia bat duen zuzendari bat ekarriko dugu gurera Eloy De La Iglesia euskalduna. Zuzendari “madarikatu” deitu zaien hoietakoa, espainiar estatuan 80. hamarkadan zinema “kinki” deitu zen genero horretan kokatu ziren hainbat filmerekin publiko arrakasta handia lortu zuena eta beranduago drogekiko menpekotasunagatik ia 10 urte lan egin gabe egon zen zuzendari aparta. Baina ez zen genero horretara mugatu, thilerrak eta zientzia fikziozko lanen bat ere egin bazuen ere, garai hartan batere arruntak ez ziren gaiak tratatzea izan zen bere lanen ezaugarri garrantzitsuena: drogak, homosexualitatea, ustelkeria politiko/poliziala , zoofilia ...
Eloy De La Iglesiak 20 urte zituenerako iada telebistarako lan mordoxka batzuk eginak zituen, baina 1969 urtea arte ez zuen bere lehenengo film luzea zuzendu “Algo amargo en la boca” eta pelikulak erakusten zuen kritika sozial eta egoera polemikoengatik zentsuraren guraizekin topo egin zuen.
Carmen Sevilla protagonistatzat zuen “El techo de cristal” (1971) bere hirugarren filma arte ez zuen arrakasta komertzialik lortu baina hortik aurrera mota ezberdinetako lanak egiten jarraitu zuen 70. hamarkada osoan zehar. 80. hamarkadan hasi zen marginalitatea eta delinkuentziaren inguruan mugitzen ziren filmak egiten, zine kinkia deitu zen genero horren barruan kokatu ziren film ugari egiten, Navajeros (1980) , Colegas (1982) eta arreta gehiago eskeiniko diogun El pico(1983) eta El pico 2 (1984) filmak adibidez.
Pelikula hauek arrakasta komertzial oso aipagarria izan zuten eta “Yo el vaquilla”(1985) bezalako pelikulen aurrekari argia izan ziren. Zehazki El Pico pelikulak guardi zibil baten eta ezker abertzaleko politikari baten semeen historia kontatzen du, bi hauek drogen kontsumo eta salmentan barneratzen doazen bitartean. Harritzekoa da oraindik ere pelikula honek ze naturalitate, sinesgarritasun eta erritmo biziarekin ukitzen dituen politika, drogomenpekotasuna, polizi ustelkeria, homosexualitatea eta drama familiarra bezalako gaiak. Zaila da ikustea gai hauek hain modu argi eta sinesgarrian erakusten dituzten pelikulak.
Baina pelikula hauek egiten zituen bitartean Eloy De La Iglesiaren bizitza bere pelikuletan erakusten zituen egoerei modu arriskutsuan hurbiltzen da, heroina kontsumitzaile bihurtzen da eta 1987. urteko “La estanquera de Vallecas” filma eta gero filmeak egiteari uzten dio urte luzez, droga menpekotasun egoera batean murgilduta. Bere pelikula ugariren protagonista izan zen Jose Luis Manzano aktorea 1992. urtean hil zen desintoxikazio prozesu ezberdinetatik eta kartzelatik pasa eta gero. Eloy De la Iglesia berak zioenez lau urte pasa zituen heroinari “engantxatua” baina bere karrera inoiz ez zen guztiz berpiztu. 2001. urtean telebistarako Caligula-ren istoriaren adaptazio batekin itzuli zen eta 2003. urtean “Los novios búlgaros” zuzendu zuen, bere azkeneko filma. 2006. urtean mimbizi baten eraginez egindako ebakuntza bat eta gero hil zen Eloy De La Iglesia Euskal Herriak eman den zine zuzendari arrakastatsu, polemiko eta interesgarrienetako bat.