Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2024-04-03

Frikitxoko XXIX – La mala costumbre

Iaz argitaratutako liburu batekin gatoz oraingoan, gure alderdi friki-geek militantea berriro ere alde batera uztea sobera justifikatuko duen errealitate ukabilkada batekin. Alana S. Portero-ren lan hunkigarri honek merezita irabazi baitu fenomeno editorialaren estatusa eta martxan dira , gauzatu ez badira jadanik, liburuaren itzulpenak hizkuntza ezberdinetara.

Egileak, eleberri LGTBI-aren etiketa ukatu du, uste baitu bere lana nolabait txikitzen duela. Esaten du eleberri LGTBI-a den bezain beste dela klase izaera duen eleberria adibidez. Ageria baita, eleberria 80. hamarkadaren hasieran, Madrilgo periferiako langile auzoan kokatuta egoteak protagonistaren errealitatea  nola gurutzatzen duen. Kontakizun osoa  dago testuinguru horren ukitu krudel eta ederrekin zipriztindua. Idazleak lortzen du modu sinesgarri eta ederrean irakurlea auzoko bizitzan murgiltzea, aldi berean protagonistaren barne tragedia aurkezten digularik.

Norbera dena adierazi ezin horrek pertsona bat noraino ezeztatu dezakeen bikain deskribatzen du Alana S Porterok eta aldi berean, ez-bizitze horretan dauden askatasun momentu urriek kontakizuna  argitzen dute modu hunkigarrian.Oso ederra da bazterrean bizitzera kondenatutako pertsonen arteko elkartasun eta sororitate horrek duen balio neurtezina nola erakusten digun eleberriak.

Gomendagarria baino gehiago, beharrezkoa, transexualitatearen errealitateari lehenengo pertsonako hurbilketa horrek erakutsi ahal diguna, beste gauzen artean, bizipen horietatik  hain urrunduta dauden askok duten bozgorailu zitalei aurre egiteko.

 

Diseño y desarrollo Tantatic