Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2023-11-10

Frikitxoko XXVII – Luis Estrada

Hemen gara berriro, mundua pikutara joateko gero eta gutxiago falta den honetan proposamen mamitsu batekin. Zeren oraingoan ez diogu mundu honen alde ilunenari  begirada baztertuko , Luis Estrada zine zuzendari mexikarraren lanak bere herrialdearen alderdi triste eta krudelenetan paratzen baitu begirada, umore beltz baino beltzago batean bilduta.

Bere aita zine zuzendaria izanik Luis Estrada zinemaren munduaren erraietan hezitu zen eta laister hasi zen bere lanak ere aurrera eramaten laburmetrai eta filma moduan baina benetan ezagun egin duten lanak Mexikoko gizarte eta egoera politikoaren pentalogia satirikoa izan da, zeinetan gidoigile lana ere egiten duen.

Onartu behar dut guztiak ez ditudala ikusiak baina “La ley de Herodes” (1999) ikusten duzunean buru belarri sartzen zara zuzendariaren unibertsoan, kritika gordina, mexikar gizartearen islada (kasu honetan XX. Mendearen erdialdean Mexiko sakoneko herrixka txiki batera bidaltzen duten politikari titerearen gorabeherak kontatzen dituena) , gizakiaren miseria morala eta dena umore beltz batekin jantzia.

2006. urteko “Un mundo maravilloso” pelikula Vicente Fox presidentearen gobernuan kokatzen da.  2010. urteko “El infierno” pelikula aldiz narkotrafikoaren munduan sartzen da  zeharka , erakutsiz nola herri txiki bateko gazteriarentzako irteera bakarra drogen salmenta , extortsioa eta hilketak izan daitezkeen.

“La dictadura perfecta” (2014) filmeak Enrique Peña Nieto presidenteak amerikar kontinenteko komunikabide empresa handiena denTelevisa-ren  inguruan sortu zuen ustelkeria sarea erakusten du.

Azkenik aurten “Que viva México” pelikula amaitzea lortu zuen. Gobernuko zinema erakundeen ezezkoa bost alditan jaso eta gero bere eduki zirikatzailea dela eta, Netflix erraldoiarekin akordia lortu zuen bere pelikula aurrera eramateko. Azkenean zuzendariak empresa amerikarrari pelikularen eskubideak berrerosi zizkion, berak nahi zuen bezala zinemetan estreinatzeko.

Aipamen berezia bost pelikula hauetan protagonista de Damien Alcazar handia, zuzendariaren kide banaezina.

Besterik gabe, Mexikoren azken hamarkadetako historiari begirada ironiko eta krudel bat eman nahi badiozue, bila itzazue Luis Estradaren lana eta ez zarete damutuko.

 

Diseño y desarrollo Tantatic