Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Funtsa kalean dago
Aldaketaren legealdia amaitzear da. Lau urtetan zehar, instituzioek politikaren ezker masaila erakutsi dute. Euskal hizkuntzaren bultzada, zerga-sistema berria, LGTB+ eskubideak… eta kaleetako manifestazioak, aldaketari zuzendutako hamarnaka artikulu, herrigintzatik osatutako kontrabotere espazioak. Begirada eraldaketa sakonaren horizontean dutenek lortu dute Nafarroarentzat historikoa izan den legealdi mugatu honen aurrean hari kritiko bat tinko mantentzea.
Udaletara jaitsiz, herrietako politikak dimentsio asko dituela argi dago. Udal-administraziotik hasita, gazteen edota jubilatuen asanbladetara joan gintezke. Aldaketaren legealdian, besteak beste, udaletik at antolatzen diren esparru berriak eratu dira, Gaztetxea eta Herrigunea kasu. Asanblearismoa zainetan eta inguruko errealitatea moldeatzeko helburua buruan, herriko bizilagun eta agenteek sortzen duten sare formako mugimenduak dakar udal-politikaren funtsa, abangoardiarik gabe erabaki kolektiboak hartzeko gai den nukleo biziak.
Barañaingo laukoteak bultzatutako jarrera puntual bat azpimarratu beharko balitz, agian herri mugimenduari kendu dizkion mugak lirateke. Ezinbestekoa da eskuin erreakzionarioa administrazio formaletan ez dagoen bitartean, esparru formaletatik kanpoko instituzio moten sorrera bultzatzea. Bai, Barañainen sortu diren antolaketa espazio berriak dira aldaketaren motorra egituratu behar duten herri-instituzioak.
Lau urteak motz geratu dira nafar gizarteak bere garaian eskatutako erreformak gauzatzeko ahaleginetan. Baina jendarteak ere onartu beharko du foru-administrazioak estatuko dimentsio bat direla, eta mugatua dutela hainbat erabaki hartzea. Ez, Nafarroan instituzio formaletan sartzeak ez du botere legegile osoa ematen. Honekin jarraituz, herri-instituzioak aldaketaren liderrak izan behar direla esatean, muga hauei egiten zaie erreferentzia. Herri boterearen artikulazioak ez du hauteskundeen iraungitze datarik, ezta iritzi publikoarekin boto bila jokatzearen beharrik; proiektu eraldatzailea zabaltzea du eginkizun. Botere instituzionalak galtzen badira, eta legealdi atzerakoiak itzultzen badira, herri-instituzioak izango dira aldaketa aurrera eraman beharko dutenak, herri eta auzoen erabaki kolektiboak hartzeko mekanismoak eraldatuko dituztenak, eta transformaziorako baldintza materialak garatzeko gai izango direnak.
Indar atzerakoi guztiek argazki berean ateratzea erabaki dute ‘Navarra Decide’ markarekin. Agian boterera itzultzeko aukerak ere izan ditzakete; nork daki. Zer izango da aldaketa orduan? Estatuko markotik at, herri botereak gaur egungo errealitatearen kontestua gainditzeko egingo dituen erabaki eta helburuak dira aldaketa.