Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2016-12-15

Gora begiratzeko ordua da

Barañaingo gazteriak badu horrelako erlijio antzeko bat bere baitan. Erlijio bat zeinetan bajerismoa eta kuadrillismoa uztartzen diren aldi berean. Hamalau edo hamabost urte arte kalean. Gero bajeran sartzen gara. Ezkutatu egiten gara.

Honek erabat aldatzen du herriko gazteria. Geldiak, isilak, pasiboak, kontsumitzaile hutsak… Gazte egiten gaituen ezinegon ororekin apurtu eta txotxongiloaren jarrera bera hartzen dugu: etzanda, telebistari begira.   

Gazteriaren gehiengoan ugaritzen diren bizi ereduarekiko aurreiritzi eta inertziak alde batera utzi eta benetan gure izaera bera osatu beharko luketen askatasun eta alaitasun sentimenduak hurbiltzeko droga hoberena gu guztiok elkartzea da. Gazteria gara, Barañaingo gazteak. Zergatik mugatu gure denbora hogei metro karratuan sartzen diren bost pertsonen aurpegi monotonoetara? Zera, Barañaingo beste gazteekin konpartitzen ditugun gauzak komunean jarri eta gure denbora librea benetan gustatzen zaizkizun gauzetan erabiltzea aukera txarra al da?

Urteak daramatza Gazte Mugimenduak kaleak betetzen, eta orain izugarrizko aukerak irekitzen zaizkigu. Gaztetxe berriarekin edonor elkartu daiteke bere gustuko edozer konpartitzen duten gainontzeko pertsonekin. Garbi dago: bajeratik atera eta gazteriarengana hurbildu beharra dugu gazteok, gure esparru naturaletan bildu. Sofa batek ez ditu ezer emango. Goazen gure denbora ideiez, ekintzez, proiektuez eta gozamenez betetzera. Zergatik ez? Utikan telebista baten aurrean pasibo nahi gaituzten gorbatadun sasi-morroiak. Elkartu, antolatu eta eraiki. Gora begiratzeko ordua heldu da. Zerura.

 

 

 

 

 

 

 

Diseño y desarrollo Tantatic