Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2016-09-15

Hezkuntza, gizartearen oinarria

Hezkuntza. Gure bizitzako lehen pausoak ematen ditugu. Bertan egiten ditugu gure lehen lagunak. Bertan egiten ditugu lehen “etsaiak”. Bertan ikasten ditugu matematikak, naturaren arloak, musika… Bertan ikasten dugu pentsatzen. Bertan ikasten dugu… zer?

Gure memoria ez da ailegatzen lehenen aldiz hezkuntza sisteman sartu gineneko eguneraino. Haurtzaindegia, eskola, institutua... Hasieran jolastu besterik egiten ez dugun umeak gara, baina pixkanaka, eta ez hezkuntza sistemaren nolakotasunaren ondorioz, gure buruan zerbait aldatzen da: kritikotasuna, aurre egiteko gaitasuna, ikaskideekiko atxikimendu sentsazioa, borroka grina, antolatzeko beharra… Honek hausnarketara bultzatzen gaitu.

Asko dira hezkuntzan eragiten duten eta hau aldatzeko lana egiten duten eragileak. Ikasleak, irakasleak, gurasoak, herriko jendea… “Zerbait egongo da gaizki gaur egun pertsona masa handi hau mobilizatzeko ezta?” Galdera horretatik hasi behar gara.

Azken finean, hezkuntzaren lehen helburuak analizatzean, honek gizartea egituratzen duela ikusten dugu garbi. Lanerako prestatzen gaitu. Esplotazioan oinarritutako produkziorako pertsonak sailkatzen ditu. Batzuk batxilergora, besteak lanbide heziketara, gutxi batzuk unibertsitatera... Honi askorentzat gaindiezinak diren goi-mailako hezkuntzaren matrikula-tasak gehitu behar zaizkio. Hasiera hasieratik, derrigorrezko hezkuntza gizartea moldeatzeko asmatu zen. Gaur egun, sistema kapitalista-heteropatriarkalaren zutabe nagusia da.

Hezkuntza da pertsonen ezaugarri bereziak moldeatzen, deuseztatzen eta homogeneizatzen dituena. Erraz esplotatzeko milioika pertsona behar ditu sistemak, akritikoak, aurre egingo ez dutenak eta beraien artean dirudunarentzako lan egiteko lehiatuko direnak. Gizarteko elitearentzako lan egiten duen Estatuak tresna perfektua du eskuartean eginkizun honetarako.

Adibide gisa nire gertakizun puntual bat hartuko dut. Duela egun gutxi hasi naiz unibertsitatean. Nire gustuko adarrean sartu naiz, baina badago lehendik informaziorik ez nuen gai bat. Lehen eguneko lehen saioan izan nuen. Unibertsitatean hasi eta bi ordutara jada langileen esplotazioaren eta enpresa bat kontrolatzeko eredu bertikalaren beharrak aterata ziren klasean, dogma aldaezinak balira bezala. Hemen apunteetako bi perlatxo:

Mozkina: enpresako jabeek arriskatu duten kapitalarengatik eta beste pertsona batzuei eskaini dioten lanarengatik eskubidez beraiei egozten zaien diru kantitatea.”

Enpresa baten sistema azpisistematan banatzen da: azpisistema erreala (horniketa, ekoizpena, marketina eta Ikerketa+Garapena), finantza azpisistema (dirua eta honen banaketa ongi kontrolatzeko beharrezkoa da) eta zuzendaritza (ekintza orok behar du motorea izango den organo desberdindu bat, bestela porrota izango da).”

Hau esanda, egia esan ez dakit zehazki zein den hezkuntza eredu egokiaren formula. Ez naiz filosofoa, ezta soziologoa ere. Baina gauza bat argi dut: gaur egungo hezkuntza eredua ez da jendartearen eta pertsonen beharretara egokitzen. Agian “hezkuntza eredu perfektua”-ren ideia apurtu beharko genuke.

Ba al dago munduan bi pertsona berdinik? Denok ezaugarri eta gaitasun desberdinak baditugu, zergatik tematzen gara denentzako berdina izango den hezkuntza eredua bilatzen? Ez al gara norabide txarrean ari? Baliteke Hezkuntza Askeaz hitz egin behar izatea, pertsonak maila indibidual eta kolektiboan askatasunez garatzen laguntzeko duen hezkuntza. Helburu merkantilistak alde batera utzi eta gizakiari dagozkigun berezko sentsazio eta ezaugarriak errespetatuko dituen hezkuntza. Nork daki. Agian hor egon daiteke gizartearen aldaketa erradikalaren gakoa.

Diseño y desarrollo Tantatic