Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Ikasleok grebara!
2011an sartu zen PP Espainiako gobernuan gehiengo osoz. Honek eskumena eman zion nahi erako lege guztiak aurrera eramateko. Estatuko elite ekonomikoek tresna perfektua izan zuten krisiaren lelopean neoliberalismoan sakontzeko erreformak bultatzeko. Euskal Herria zapalkuntza guztietan sakontzen zuten neurriek erantzun irmoa izan zuten gizartearen partetik. Greba orokorrak, sektoreka eginikoak, manifestazioak… Hala ere, bai espainiar gobernutik ezarritako jazarpenak eta baita gobernu autonomikoen paralisiak bere lana egin zuten ere. Legealdiko lehen bi urteetan batez ere astero zegoela erreforma berri bat, mailukada berri bat, herriaren interesei egindako eraso berri bat.
Hauetako bat, polemikoenetako bat, hezkuntza erreforma izan zen. LOMCE, edo Wert legea ere deiturikoa. Hezkuntza komunitate osoa kontra jartzea lortu zuen erreforma. Hala ere, gaur egun aurrera doa.
Erreforma hau ezin da gobernuaren ekintza bakarti bat bezala hartu. Langileen prekariezazioarekin eta lan merkatuaren moldaketarekin batera elite ekonomikoek ongi pentsatu duten mugimendu garrantzitsuenetakoa da hau: hezkuntza da gizarte ororen funtsa, historikoki jendartearen antolaketa-diseinua gauzatzeko erabili den tresna. LOMCE egoera honetan aztertu behar da. Hezkuntza esklusiboa, ikasleak ahalik eta etapa gehienetan eskulanera bideratzen dituena, lan merkera, beraien enpresetarako eskulan doktrinatua izatera, etorkizuneko ate gehiago ixten dituena.
Erreformaren berri izan genuenean Euskal Herrian argi izan genuen. “Herriaren interesen kontra eta gure kulturaren zapalkuntzan sakontzen duen erreforma da. Ezin dugu pasiboki guzti hau gure gainean ezartzen utzi.” Asko dira izan ditugun greba egunak, oihuak, pankartak, asanbladak... Erreformen kontrako mugimendua zutik egon da urte hauetan, eraso honi hortzak erakusteko prest.
Martxoak 23an, ostegun honetan, ikasleok greba eguna dugu. Aurtengoa garrantzitsua da oso. Erreforma urte honetan aplikatuko da maila guztietan. Aurtengoa da ikasleriak lege honen aldaketa guztiak erabat pairatzen hasiko den urtea.
Gaur, inoiz baino gehiago, denon aktibazioa eta aldarrikapena beharrezkoa da urte hauetan hainbesterako mina eta haserrea eragin duten horiek bere gizarte-plana aurrera eraman ez dezaten. Euskal erakundeen pasibotasunaren aurrean, ikasleok Herri Mugimenduarekin batera EZ esan behar diegu Madrildik, Bruselasetik edota gure etxetik bertatik datozen eraso guztiei. Erreformen aurrean planto. Desobedentzia da bidea. Hezkuntza komunitatea benetako eraikuntza fase batean kokatzeko beharrezkoa da, lehenengo, hau desobedentziaren pausoetan kokatu eta kritikotasunez pentsamendu kolektiboaren makinaria martxan jartzea. Herritik eraikia eta herriari eskainia, euskalduna, inklusiboa eta etorkizuneko gizarte berri baten oinarriak jarriko dituen euskal eskolaren bidean.
Desobedentzia. Hori da bidea. Ostegun honetan ikasle guztiok grebara!