Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2017-11-13

Indarrak batuz

Bi hilabete daramatza Kataluniako prozesuak monopolio mediatikoa hartuta. Bi hilabete estatu osoa eta, azken aldian, Europa osoa ere bertara begira dituena. Ezin esan egoera historikoa eta interesgarria ez denik. Politikoki begiratuz, Katalunian gertatzen ari dena oso berezia da. Herri Mugimenduak bertan hartu duen boterea ez da beste autodeterminazio prozesuetan bezalakoa.

Prozesuak hartu duen erritmoa ezingo litzateke imajinatu kaleetan eragile eta pertsona indibidualen eskutik eman diren manifestazio masiborik gabe. Esan daiteke, hemen bai, Kataluniako gobernuak kaleetan gertatu denaren arabera jokatu duela, gobernukideek badakitelako eserita dauden aulkietan nork jarri dituen.

Eragile batzuek besteek baino indar gehiago izan dute. Nabariak dira, adibidez, ANC eta Òmnium-en paperak. Hala ere, gaur bi eragile ezberdin aipatu nahiko nituzke. Azken asteetan indar nabarmena izan dute eta momentu batzuetan erabakigarriak izan dira.

Lehenik, Unibersitats per la Republica. Unibertsitateetako komunitatea antolatzen den esparrua da, ikasle, irakasle eta langileekin. Kataluniar instituzioen eta, aldi berean, unibertsitatearen defentsan jarduten duen eragilea da. Unibertsitateetako mobilizazioak aktiboenetakoak izan dira bi hilabete hauetan eta eztabaidarako esparru bilakatu dira. Urriak 28ko ikasle grebaren atzean egon zen UxR, ikasle sindikatuekin batera. Goizeko 12:30tan, ekitaldi nagusiarekin batera, Puigdemont-ek hauteskundeak deituko zituela esan zuten hainbat komunikabidek. Une horretan, ekitaldia bukatu bezain laster, ikasleak kaleetan zehar hasi ziren mugitzen, tentsio handiz, Sant Jaume plazarantz (Govern-aren egoitza dagoen plaza). Kaleko mobilizazioa eta presioa mantendu zuten ikasleek egun osoan zehar, eta eguerdia pasata beste eragile independentista batzuk ere batu zitzaizkien. Puigdemont-ek atzera egin zuen, eta egun horretan bertan hasi ziren Parlamentuan independentziarako azkeneko pausoak ematen.

Bigarrenik, Comitès de Defensa de la República, CDR siglez ere ezagunak. Herri eta auzoetako bizilagunak haien errealitatean gertatzen den edozein gauzari aurre egiteko antolatzen diren talde deszentralizatuak dira. Maila lokalean mobilizazioak egiteko gai dira denbora gutxian eta azken asteetan erantzunak emateko ezinbestekoak bilakatu dira. Azken greba orokorrean, azaroaren zortzian, paper garrantzitsua hartu zuten. Hauek izan ziren bide mozketa gehienak antolatu zituztenak. Pixkanaka, bere mobilizazio boterea erakusten hasi dira, eta leku askotako bizilagunen lehen antolaketa topalekuak bilakatu dira jada. Ikusiko dugu gerora zein izanen den beraien rola.

Asko dira kataluniar instituzioen, kulturaren, hizkuntzaren eta beste hainbat gairen defentsan antolatutako taldea. Baina gauza bat argi dago: kaleko mugimenduak boterea lortzen duenean, herri batek benetako “herri boterea” eskuratzen duenean, orduan hartzen du bultzada aurre egiteko. Instituzioek bakarrik ezingo lukete halako bidea egin.

 

Diseño y desarrollo Tantatic