Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2021-05-10

Inés y la alegría

Almudena Grandes idazle madrildarrak , literatur proiektu itzela hasi zuen istorio honekin. Benito Perez Galdos-en “Episodios Nacionales” eleberri bilduma ezagunaren izena eta asmoa hartuta “Episodios de una guerra interminable” deituriko 6 eleberrien sortaren lehenengoa dugu hau. Izenak dioen bezala Espainiako guda zibila dute abiapuntu eleberri hauek eta pertsonaia historikoak eta asmatutakoak nahastuko dira haien garapenetan.

Oraingoan aurkezten dugun “Inés y la alegría” liburuak frankismoaren lehenengo urteetan, Frantzian erbesteratuak zeuden soldadu errepublikar talde batek Vall D’Aran-etik sartuz gobernu frankistarekin bukatzeko egiten zuten saiakera du ardatz nagusi. Pasadizo historiko hau ez da oso ezaguna eta orain abentura zoro bat dirudien arren, eleberriak kontatzen du nola horretan parte hartu zutenek itxaropena zuten, “inbasio” horrek ataka larrian jar zezakeela Franco-ren diktadura militarra. Eleberrian zehar, asmatutako bi pertsonaien larrutik kontatzen da istorioa baina momentuko egoera historiko-politikoaren azalpenak tartekatzen dira ere. Oso interesgarria da pertsonaia historiko ezberdinen gorabeherak ezagutzea batetik, Jesus Monzon komunista nafarra adibidez, familia boteretsu batean sortua, errepublikako gobernuan postu garrantzitsuak izan eta gero, frankismoaren lehenengo urteetan erresistentzia komunistaren antolatzaile nagusia izan zena edo Dolores Ibarruri “Pasionaria” pertsonaia historikoaren alde sentimentalari egiten den hurbilketa. Bestetik, faxismoaren garaipena jasan, erbestea edo frankismoaren zigorra bizi eta erresistentzia borrokari eutsi zioten pertsona anonimo horien azalean jartzea lortzen du eta horrek balio izugarria ematen dio eleberriari nire ustetan.

Zintzoak izateko, luzera aldetik orrialderen bat kendu ahalko zitzaion liburuari , gehiegi galdu gabe, baina hala ere aukera guztiz gomendagarria da guda lazgarri horretara hurbiltzeko goi mailako politikatik, lubakietako lokatz, izerdi eta odoletara.

Diseño y desarrollo Tantatic