Garazi Iraizotz
Intimoa publiko egitearen ondorioak
Infidelitatea, desleialtasuna, gaur egun ikuskizun zalapartari eta difamazio askoren oinarri. Bide honetatik ekin genion eztabaidari ekainaren egun eguzkitsu hartan. Mendi puntan, bazkalostean, ez dakit nola ere, baina nahi edo ez nahi bikote barneko desleialtasunaz ari ginen, ordea, oraindik ez dakit ere besteen ahotan hitz potolo horren azpiko esanahiak. Hori bai, batzuk hitz moderno eta zientifikotzat jotzen badute, aitzineko hitz erlijioso eta morala da. Hauxe diot, isilean gordetzen bada ere, askorengan sustraitutako sinesmen bat baita, erlijioso izan edo ez.
Bikote askok leialtasun kontratua egina dute, esklusibitate erotikoa elkarri eskatuta. Intimitatean eginiko kontratua izanik, honetaz ez naiz mintzatuko. Hori bai, batzuetan kontratu bera preskripzio unibertsaltzat hartzen da. Eta honekin, nola ez kanpo erregulaziora jotzen dugu. Hala, preskripzioaren jokotik at daudenak irainduak nahiz baztertuak izaten direlarik.
Kanpo exijentziak, borondatezko ematea izan zitekeena kolonizazio bihurtu du, borondatezko kontratua izan zitekeena preskripzio, eta intimo nahiz partikularra zena, publiko eta unibertsala. Guzti honetan agindu erlijiosoek min handia egin dute, hala ere ezin dugu ahaztu antzeko prozesuak bizi izan direla beste bideko aginduengatik.
Esan bezala, kanpo eraginen eskutik, alor intimoa geroz eta arautuagoa dago, eta ondorioz betekizunak areagotu dira. Betekizun horien isla garbia izan zen txoko feministan eginiko hitzaldi bateko hizlariak bota zuena: “emakumeok orgasmoak izan behar ditugu”. Eta nola ez, gizonei ere betebeharrak erantsi zaizkie emakumeei erantsitako betebeharren bidetik. Esateko, gizonen betebeharra honako hau bihurtu da: baginaren barruan zakila gogor irautea, gazteleraz tirania de las 3Ds bezala ezagutzen dena (Dure Dura Dentro). Hauxe, beste bide batetik eratorritako beste agindu bat da.
Beren burua aurrerakoitzat dutenek ere erregulatzen dituzte “oheko zereginak”. Mekanismo askatzailetaz dihardutela dirudien arren, beren proposamenak ordea ez dira batere askatzaileak. Betebeharren menpe geratzen ari gara, eta azkenean gozatu ez.