Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2017-09-25

Kataluniari beriga

Une historiko bat ari gara bizitzen hilabete hauetan. 78ko erregimena kolokan jartzen duen mugimendua dugu gure begi aurrean. Kataluniako prozesua amaierara iristen ari den honetan, Euskal Herran ezin diogu gure begirada bertara zuzentzeari uko egin.

Hainbestetan kritikatu eta haren kontra borrokatu dugun estatua, eta honek ordezkatzen duen sistema eta egitura guztia, kolokan jarri du Kataluniako gizarteak. Gainera, beste iraultza batzuekin konparatuz, hau erabat baketsua dela azpimarratu beharra dago.  

Prozesuan atzera eginda, honen egoera ere ezberdina dela ikusi dezakegu. Ezin dugu ahaztu arlo instituzionalean prozesuaren abiarazle nagusienetako bat jada banandu eta desegin egin den CiU koalizioa dela, eskuina. Orain, aldiz, ezkerreko perspektiba hartu duen justizia sozialaren aldeko mugimendua dugu. Aldaketa hau erabat nabarmentzekoa da, prozesuaren helburuak adieraztean “autonomia gehiago” eskatzetik “eraldaketa soziala” aldarrikatzera  pasa baitira. Gaur egun, prozesu independentistak botere eraldatzailea lortu du, eta hor estatua ez dago eroso, noski.

Aldaketa hau garrantzitsua da estatuan boterea dutenen kezka ulertzeko. Baiezkoaren kanpainaren hasieran, adibidez, ezkerreko alderdiek  oso diskurtso gogorra erabili zuten hainbat sektoreren kontra (elektriken kontra kasu). Prozesuak helburu duen independentzia espainiar estatuak ordezkatzen duen proiektu kapitalista-heteropatriarkala botatzeko tresna bilakatu baita.

Honekin batera, errepresioa dugu. Edozein mugimendu eraldatzaileren aurrean estatuak erabiltzen duen errekurtsoa da. Barañainen bertan ezagunak ditugu halako egoerak. Hala ere, gutxitan ikusi da estatuaren errepresio makinaria hain gogor zabaltzen. Hala ere, statu quo-aren jarraipena helburutzat duen errepresioa ez dator momentu onean.

Eskubide zibilen urraketa agerian geratu da azken astean. Lehengo idatzitako bake nahia oso garrantzitsua da guzti honetan. Bozka eskubidea aldarrikatzen duen mugimendu baketsu baten aurrean armak, biolentzia eta okupazio poliziala inposatzeak irudi oso gogorra erakusten dio mundu osoari. Sistemaren legeen barnean kokatzen den errepresio tresnek beraz, zilegitasuna galtzen dute aldarrikapen baketsu masiboen aurrean.

Borobilduz, Katalunia historia egiten ari da. Baina ez bakarrik haien edo espainiar estatuko ikuspuntu batetik begiratuz, baita  mundu mailako ikuspegi batetik ere. Praktika baketsuak oinarritzat hartuz, munduan aldaketa sakonak bultzatzeko modu ezberdinak badirela erakutsi dute. Adierazgarria da, adibidez, desobedientzia eta erresistentziaren terminoa praktikara eraman izana modu masibo eta baketsuan. Ikusiko dugu etorkizun batean zer gertatzen den , eta aldaketak noraino iristen diren. Oraingoz, elkartasuna eta laguntza ematea tokatzen zaigu.

Diseño y desarrollo Tantatic