Aszen Argandoña
Lan bikaina
2014/5/28. Halaxe bota du Nafarroako Foru Parlamentuan Carmen Gonzalez parlamentari andreak maiatzaren 27an Euskarabidearen jardueraz ari zela. Lan bikaina. Ez larritu, ez ditu hitzok euskaraz esan, gaztelania garbian baizik: “ Una gran labor”. Argitu dezadan, badaezpada ere, Carmenek ez baitu euskal kutsu zikinik hola eta hola hartuko. Ez horixe!
Eta behingoagatik bat nator Carmenek esan duenarekin, euskara desagerrarazteko lan bikaina egiten ari baita Euskarabidea. Izan ere, badirudi Euskaragalbidea euskara galarazteko ahalegin saiatu horretan ezin zuzenago ari dela. Galdetu bestela IKAko eta AEK-ko euskaltegietakooi, udaletako euskara teknikariei eta euskarazko komunikabideetakoei, besteak beste.
Horretarako sortu zuten Euskarabidea Nafarroako Gobernutik euskara zabaltzen buru-belarri ari ziren CDNko eta UPNko politikari bikain haiek: euskarari ematen zitzaion babes apurra desagerrarazteko. Euskarazko hedabideei eman zieten egurra, aurrena. Udaletako euskara zerbitzuei eta 40 urte baino gehiagoan zerbitzu publikoa eman duten euskaltegiei, ondoren. Lan bikaina, beraz.
Baina zigortze gupidagabe hori aski ez, eta gaur, maiatzak 27 dituen honetan, Nafarroako euskaldun euskaltzale guztioi burla egitera etorri zaigu parlamentura Maximino Gomez jauna, UPNk Euskaragalbidea zuzentzeko era digitalean hautatu zuen komisario politikoa, alegia. Izan ere, gobernuak egoera ekonomiko zail honetan funtsezko zerbitzuak lehenetsi behar dituela azaldu digu, eta berak zuzentzen dituen erakundetxo penagarri horrenak ez dira horien artean sartzen, antza. Lan bikaina, berriz ere. Hori dioenak euskararendako diru gehiago lortzeko nolako ahaleginak eginen dituen erraz asma genezake, erraz asma genezakeenez!
Hori bai, surrealismoaren gailurra, beste behin ere, UPNko Carmen Gonzalezi esker harrapatu dugu, honako hau lotsaren lotsaz gorritu gabe bota duenean: “ Gobernuak zerbitzu publikoak hobetsi behar ditu, eta euskaltegiak akademia pribatuak dira”. Zer esan nahi diguzu, Carmen? Opus Deikoek kezkatzen hasteko motiboak dituztela? Ikastetxe erlijiosoak larri ibiliko direla Nafarroan? Medikuntza ikasterik izanen dela Nafarroako Unibertsitate Publikoan? Edo AEK eta IKAko euskaltegiei kontzertazio sistemaren bat eskainiko diezuela, horren maite dituzuen ikastetxe erlijioso pribatu horiekin indarrean duzuenaren parekoa, esate baterako?
Larrua behar da gero, larru lodi-lodia, azken 40 urte hauetan milaka eta milaka heldu nafar euskaldundu dituzten AEK eta IKA pribatuak direla esateko. Larrua behar da irabazi asmorik inoiz izan ez duten bi erakunde horiek pribatuak direla esateko. Larrua behar da herritarrek euskara ahalik eta merkeen ikas zezaten beti mixeria gorrian ibili diren AEK eta IKAko militanteei akademia pribatuetako langile direla esateko. Larrua behar da AEK eta IKA akademia direla esateko, herriaren euskaltegi horien lana eremu akademiko soilera mugatzeko, AEK-k eta IKAk herria euskalduntzeko egiten duten lana horrela mozorrotu nahi izateko. Ez duzu, Carmen, lan bikainik egin, tontoenak ere nekez irentsiko baititu zure argudioak.
Izan ere, gero eta garbiago dago Nafarroako AEK eta IKAko euskaltegiak itotzea erabakia duela Nafarroako Gobernuak, Euskaragalbidearen lan bikainaren bidez. Hori lortuko balute, gobernuak berehala itxiko lituzke UPNren komisario politikoek kudeatzen dituzten bi akademia publikoak: Zubiarte eta Euskaragalbidearen euskaltegia. Lan bikaina, alajainkoa! Lan bikaina zuena!