Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2020-10-31

Lecumberri, lubakian, ezinean

Teoria filosofikotik, politika arte baten gisan deskribatua izan da. Politikaren artea, egin nahi den hura ongi zehaztuko eta garatzeko abilezia lortzea, alegia. Barañaingo udala, gure herritik kanpo, ez da ezaguna egin dituen politikengatik, ez da ezaguna udal batzarrean egiten den lanaren berezitasunengatik. Baina azken asteotan egunkarietan behin eta berriro azaldu da. María Lecumberri alkateak ezin izan ditu hurrengo urterako aurrekontuak onartu. Bere gobernuko bi kidek kargua utzi dute kurtso berria hasi denekin; oposizioko taldeek aho batez gaitzetsi dute aste honetan hirigintzarako zinegotzia, Alfonso Moreno (Navarra Suma); eta talde horiek guztiek uste dute Navarra Sumak jada galdu duela gobernuaren norabidea.
Gobernuan, norabide eza. Eta covid-19aren krisiak usteldu ditu jada martxoko mezu positiboak. Osasun egoeraren larritasuna burutik kendu gabe, Udalak bertako egoera ekonomiko eta soziala erabat gaiztotzea ekidin beharko luke, edo, gutxienez, une hauetan gehien sufritzen ari diren horien etxea izatea.
Lecumberrik ez du halakorik egin. Navarra Sumak bere helburuei eta herritarren lehentasunei heltzeko gaitasun eza erakutsi du, eta ez soilik Barañainen: Parlamentuan ez da gai Gobernuarekin elkarlan sinple bat ere lortzeko; Kongresuan hurbilago daude frankismoa zuzenean goraipatzen dutenengandik ERTE-ak onartu dituzten horiengandik baino. Barcinaren estrategia: eutsi gogor karguari, eta saiatu “zureak” pozik mantentzen.
Navarra Suma ez da gai izan gizarteak bere baitan aldatu dituen baloreak bere gain jartzeko. Ez duzue ezer ikasi feminismoak ekonomiaren eta gizarte antolakuntzaren inguruan azalarazi dituen ideiengandik? Ez duzue ezer ikasi ekologismoaren aldarriarekin kaleetara atera diren milaka gazteengandik? Ez duzue ezer ikasi aurreko krisiari erantzun zitzaion neurriek izan zituzten ondorio latzengandik?
Une hauetan, baliteke Lecumberriren helburu bakarra udal gobernua mantentzea izatea; jarrera gaitzesgarria, erabat, gurera datorren krisiaren testuinguruan. Baina, honaino iritsita: non daude oposizioko taldeak?

Diseño y desarrollo Tantatic