Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2022-12-15

Miñan

Frikitxokoaren denboraldi honetan ere frikismo militantea eta kuñadismo mainstream-aren arku zabal horretan balantzaka ibiliko gara. Gaurkoan ekartzen duguna bi mutur horietatik urrun dago eta nahiz eta aita santuak berak gomendatu duen liburu bat den, pena da jende gehiagok ez irakurri izana, hain beharrezkoa dugun enpatia ariketa bat egiten lagundu gaitzakeen liburu eder eta gogor bat baita hau. 

Miñan hitzak anaia esan nahi omen du Ibrahima Baldé-ren ama hizkuntzan. Ibrahima Baldek ez zuen Ginea utzi nahi Europara etortzeko baina bere anaiak Europarako bidea hartu duela jakiten duenean bere bila joateko milaka pertsonek jarraitzen duten bide lazgarria hartzen du. Bide hori gogorra , krudela eta hilgarria dela denok dakigu, baina lehenengo pertsonan, horrelako estilo sinple , gordin , sentibera eta sarritan poetikoan entzuteak  esperientzia zeharo gomendagarria da. Odisea  horrek Ibrahima Iruneraino eraman zuen eta han ezagutu zuen Amets Arzallus Antia, bertsolari txapelduna, etorkinei harrera duin bat egiten saiatzen den elkartearekin kolaboratzen zegoela. Arzallusek Ginearraren istorioa ezagutu zuenean liburua idaztea proposatzen dio eta horrela iritsi da guregana buru-bihotzak  astinduko dizkigun kontakizuna.

Liburuaren bertuteak ugariak eta ukaezinak  dira, erraz irakurtzen da, zirraragarria da ; gure inguruan dagoen eta batzutan ikusi nahi ez dugula dirudien errealitatea kontatzen du lehenengo pertsonan;  gure eguneroko “arazoak” beste ikuspuntu batetik ikusten laguntzen digu; bizi hobe baten bila lepoa arriskatzen duten eta hona iristekotan prekarietate lazgarriena , arrazakeria eta indiferentzia bizitu behar duten errealitateaz konzienteago egiten lagundu ahal digu eta zergatik ez esan, bide batez euskeraz pixka bat irakurtzen dugu ere.

 

Diseño y desarrollo Tantatic