Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
Moria
Friki txokoaren bostgarren ale honetan, bideojoko batekin gatoz eta bide batez, frikismoaren pedala barruraino zapalduko dugu ze gaurkoa bai ez dela publiko zabalak aukera bat emango liokeen joku horietako bat, Moria. Gaur egungo gamer gehienek, bere grafiko xume, kutre edo zuzenean, grafiko faltarengatik lehenengo begirada batean mesprezatuko luketen jokua izan daiteke, baina ehundaka ordu iraun dezakeen abentura bati muzin egiten egongo lirateke. Eta dena Megabyte t`erdi batean!
Zeren, esan bezala, onartuko dugu bere itxura ez dela bereziki erakargarria. Joku honetako elementu guztiak ASCII karaktereak dira, hau da, letra, zenbaki, gidoi etabarrak, ez dago beste irudi, marrazki, kolore ez bestelakorik, ezta beharrik ere.
Morian, partida bat hasten dugunean, bere estiloko rol joko askotan bezala, gure arraza (elfoa, ipotxa, gizakia, hobbit-a…) eta “lanbidea” aukeratuko dugu (gerlaria, aztia, lapurra, basozaina,…). Kontuan izan, izenburuak dioen bezala, J. R. R. Tolkien-en “Eraztunen Jauna”-n agertzen den Moriako mehategietan gertatzen dela jokoa eta gure helburu bakarra Balrog maltzurrarekin akabatzea izango dela.
Premisa sinple horretatik hasita, gure helburua, mota honetako joku askotan bezala, gure pertsonaia hobetzea izango da, etsaiak akabatuz, objektu eta arma hobeak lortuz,... Moriako gela ilun eta sakonetan behera murgiltzen goazen bitartean. Eta hori da joku honen handitasuna, Moriako geletan topatu ditzakegun izaki, arma sorgindu, objektu eta abarrak ia kontaezinak dira, eta beti ezberdinak, jokoak ausaz sortzen baititu solairuak gu sartu bezain pronto. Gero eta beherago joan solairuetan gero eta etsai eta objektu boteretsuagoak topatuko ditugu. Sinplea eta dibertigarria.
Jokua, roguelike motako joku bat da, hau da, ezaugarri zehatz batzuk batzuk betetzen dituen rol jokuen azpi-genero batekoa. Diablo joku famatua adibidez, grafiko txukunak dituen Moria moduko roguelike estiloko joku bat da, baina xarma gutxiago eta prezio garestiagoarekin. Zeren Moria jokua dohainekoa da, bai jaun-andreoak legalki jaitsi dezakezue zuen ordenagailuetara hurrengo webgunetik: https://github.com/HunterZ/umoria
Moria, Rogue izeneko 1980. urteko joku batean oinarritua dago (Moria bera 1983koa da) eta Robert Alan Koeneke handiak, lagun batzuen laguntzarekin programatu zuen. Gainera bere kodea libreki eraldatzeko baimena eman zuen betiere dirurik ez ateratzeko baldintzarekin. Honek, jokuaren hamaika bertsio moderno eta “ikusgarriago” ekarri zituen, baina nire unibertsitate garaian orduak galdu arazi zizkidan harribitxia Moria haundia izan zen eta zuek ere RetroFrikismo ariketa hau aurrera eramaten baduzue, zuen denbora galtzeko modu zoragarri hau dasta dezakezue. Eta bukatzeko, d maiuskula bat ikusten duzuen lehenengo aldian, alde egin hortik ziztu bizian!