Naroa Sarriguren
Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?
Mr. SEÑORA
Mr. Señora antzerki lanak eman dio liburuari izena. Jarraian datoz Hautudeterminazioa, Ate etzana (negoziazio mahai bat), Maite zaitut oraindik, Minari buruzko solasaldiak, Bi ahots eta Arra. Arraroa.
Zazpi lanok, bakarka han-hemen taularatzeko sortu ziren izan irakurketa dramatizatu gisa, izan antzerki aro edo bestelako proiektu baten barruko lan gisa.
Oier Guillani jolastea gustatzen zaio (nori ez?) eta antzezlanok irakurtzen dituenak ere atsegin handia hartuko du hizkuntzarekin bihurrikeriak egingo dituelako eta, batez ere, bera bihurrituz mundu ikuskera arrunta zalantzan jarriko duelako. Baina ez da hizkuntzarena idazleak irauli (nahi) duen esparru bakarra. Argi dago, antzerki lan tradizionaletako akto, kapitulu, eszena egituretatik aske idazleak esperimentaziorako lanak direla egin dituenak.
Sailkapenetatik harago dauden testu hauek bat egiten dute liburuko mezuekin. Ez da kasualitatea liburuko lehen eta azken lanen izenburuek (Mr. Señora eta Arra. Arraroa) iradokitzen duten mundu ikuskera. Ikuspuntu feminista argi bat azaltzen da liburuan eta egun puri-purian dauden gatazkak eta ikustezinak diren errealitate itsusiak.
Ironia, elkarrizketa zorrotzak, jolasak, poesiak... Epel utziko ez zaituzten lanak.
On egin!