Naroa Sarriguren

Naroa Sarriguren

Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?

2015-11-23

Periko gazteekin hizketan

Durangoko Azoka ate joka dugun honetan, euskal argitaletxeak haien azken lanen berri ematen hasi dira eta horietako bat dugu Periko gazteekin hizketan liburua ere.

Ekainean hil zitzaigun Periko Solabarria (Portugalete, 1930-Bilbo, 2015) borrokalari nekaezinak esan ohi zuen “ni jarraitxua nintzen” edo “ni Ernaikoa naiz” eta biografia bat idazteko proposamenari uko egin zion arren, onartu egin zuen azken talde horretako gazteek bere bizitza eta bizipenen berri emateko elkarrizketa batzuk egitea. Izan ere, esperientzia horietatik zer ikasi izango zutela argi zuten.

Liburu honek 2013ko udazkenetik 2014ko udaberrira bitartean egindako elkarrizketak ditu oinarri eta Perikoren haurtzarotik elkarrizketak egin ziren garaia arteko ibilbide eta bizipenek betetzen dute, baita geroari buruzko zenbait iritzik ere.

Iñaki Egaña historialariaren hitzaurrea eta Enara bere alabetako baten gibel-solasaren artean, lehen pertsona eta hirugarrena uztartzen dira, elkarrizketetan bildutakoa zehar estiloan eta askotan hitzez hitz ematen zaigulako.

Baina liburu honetan azpimarratzekoa ez da idazkera. Liburu honen balioa Periko Salaberriaren lekukotasunean dago. Zalantzarik gabe, izango dira berari buruzko liburu eta lan gehiago aurrerantzean ere, ezker abertzalearen historian eta euskal langileen munduan ezinbestekoa izan zen eta. Baina liburu horiek mintzagai dugun honetan ez bezala, atzera begiratu eta bibliografian, hemeroteketan edo bera ezagututakoen artean bilatu beharko dute informazioa.

Bizkaiko ezkerralde erdaldun eta askotan ezezagunera hurbiltzeko aukera ere ematen digu liburu honek. Meatzarien lana etxean ezagutu zuen mutikoa izan zen Periko, berak 10 urte zituela hil zitzaion aitak meatzean lan egiten zuelako. Eta errealitate horrek eragin zuen seminarioan apaiztu eta berehala lanari ekitea. Apaiz arraroa zela esaten zioten.

Apaiz arraroa: aitorlekuak ez zituen erabiltzen, gutxi jan eta soldata langile pobreei ematen zien, eskolak doan ematen zituen, laguntza eske zetorkionari etxea eskaintzen zion, kartzela ezagutu zuen, parlamentari aukeratu arren obran lanean jarraitzen zuen, Lemoizko zentral nuklearra saboteatu zuen, Frankismo garaian “konspirazioaren katedrala” zen bere etxeko atea ireki zien askori, bai Nicolas Redondori bai Txabi Etxebarrietari, adibidez.

Hain zuzen ere, Txabi Etxebarrieta ezagutu eta asko estimatzen zuen Perikok eta haren Euskal Langile Herria. Etxebarrietaren “Euskalduna da hemen izerdia eta odola uzten duen edonor eta borrokan jarraitzen duena” behin baino gehiagotan agertzen da liburuan gizarte konpromezuan langile kontzientzia baitzegoen oinarrian.

Konprometitua, borrokalaria, eskuzabala eta gaztea. Horrela esan zuen Auzitegi Nazionalak Ernai erakundearen Gazte danbadan hitza hartzeagatik inputatu zuela-eta deklaratzera joan zenean “epaile jauna, Euskal Herrian Ernaiko gazte izan liteke 81 urterekin ere”.

Diseño y desarrollo Tantatic