Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Sozialistek atera zuten banderaren kontua
Eskuina Barañaineko udalera itzuli da. PSNren zeharkako botoekin dator orain, gainera. Jakin bazekiten amaitu den legealdiko gobernua sustengatzen zuzenekin batu ezean, Navarra Sumak lortuko zuela alkatetza. Baina nahiago izan zuten bere hautagaia aurkeztu, eskuindarrei atea irekiz.
María Lecumberri da, beraz, alkate berria. Urteak daramatza udaletxean ordezkari gisa, eta gobernu karguak ere eduki ditu lehendik. Orain alkatea da; UPN itzuli zaigu berriz. Eta gainera, sozialistak izango ditu bidelagun nagusi, larunbateko pleno amaieran Lecumberrik berak esan zuen moduan.
Pleno hartan, PSNko ordezkariak erabat uko egin zion euskaldunekin batzeari, eta beraz, aldaketako indarrek ezingo dituzte udaleko gehiengoen aritmetikak bereganatu; hori zen berez eskuinaren indarra gutxiagotzeko gakoa, plenoan gehiengoa kentzea. Larunbatean, sozialistek gogor hizt egin zuten euskal independentisten inguruan, batzuek Nafarroakoa ez den bandera bat ateratzen dutela eta... Baina, nor ari da lurraldetasuna eztabaidara ekartzen?
Espainiar nazioaren ikuspegia izkutatzen dute askok, euskal alderdien kontra joanez. Baina, ongi begiratuz, oraingo gobernuaren eta aldaketaren koalizioaren indarrak konparatuz, bestelako ondorioak atera daitezke. Aldaketaren indarren artean baziren independentistak ez zirenak, eta Espainia barneko proiektu bat defendatzen zutenak, noski, Podemos eta Izquierda-Ezkerra, kasu. EH Bilduk gidatutako gobernuak alderdien dimentsio soziala zuen politiken zentroan, gobernukideen artean dimentsio nazionala ez baitzen berdina; paktuan beraz, nazio ikuspegia hein batean alboratu eta Barañainerako agenda soziala jarri zuten martxan.
Gobernu berria alderdi baten boto zuzenen eta bigarren baten kolaborazioaren ondorioz atera da. Zein da -teorikoki- biek bat egiten duten puntu nagusia? Nazio ikuspegia, espainiazaleak dira biak. Nork saltzen du programaren dimentsio nagusia, soziala, nazio kontzeptu batengatik? Ze koaliziok darama nazionalismoa beste guztiaren aurretik?