Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2015-11-26

Terminator, bere burua konpontzen duen materiala

Orain arteko ekarpenetan, zientziaren eta bere zabaltzearen inguruko idei orokorrak eta hausnarketak egin ditut. Horretaz gain, zientzia zabaltzearen inguruko ekimenen berri eman dizuet ere. Gaurtik aurrera, ordea, ekarpenen ikuspegia aldatuko dut, eta Kimika eta Fisikaren inguruko ikerketen berri emanen dizuet. Konkretuki, gure taldean eta gure inguruan egiten den ikerketaren berri emanen dizuet. Modu honetan, gure lanaren eta oinarrizko zientziaren garrantzia azaleratzea dut helburu. Kimika eta Fisikaren inguruan arituko naiz gehienbat. Ez esparru hauek garrantzitsuagoak direlako, gehien kontrolatzen ditudan esparruak direlako baizik. Dena den, beste esparru batzuk lantzen saiatuko naiz, beti ere kimikari baten ikuspegitik.

Hau esanda, gaurkoan protagonista berri bat dakarkizuet, material berri bat, alegia. Material hau guztiz berria ez izan arren, ziur naiz irakurle askorentzat hala izanen dela. Gure gaurko protagonistaren ezaugarririk nabarmenena zera da, bere burua konpontzen duen materiala dela. Bai, harrigarria iruditu arren, material hau apurtuz gero, inork deus egin gabe bere burua konpontzeko gai da. Material bereziari izen berezia jarri zioten: Terminator. Ez, ez nabil brometan. Terminator filmean azaltzen omen zen robot baten omenez jarri zuten izen hau. Robot honek bere burua konpontzen zuen, erregeneratzen zen. Ezaugarri hau, bere burua erregeneratzearena, errealitatean izaki bizidunek dute bakarrik. Hobeki esanda, zuten. Donostian dagoen CIDETEC izeneko zentro teknologikoan bere burua konpontzen duen polimeroa sortu zuten duela hilabete batzuk, eta Terminator deitu zuten, filmaren omenez.

Dena den, bere burua konpontzen duen lehen materiala ez da hau. Badaude hau egiten duten beste polimero batzuk. Baina gure Terminatorrek badu berezitasun bat: ez du deus behar bere burua konpontzeko! Beste polimero mota batzuk beroa ala argi ultramorea behar dute matxurak konpontzeko. Honek ez. Youtuben ikus dezakezue material hau nola erregeneratzen den azaltzen duen bideo adierazgarria. Bilatu “Terminator Polymer” Youtuben bertan, eta 51 segunduko bideo laburrean, ikus dezakezue esandakoaren froga. Bi ordu besterik ez ditu behar polimeroak matxura konpontzeko.

Material hauen inguruko ikerketa kopurua handia izan arren, bere burua konpontzeko gaitasunaren arrazoia ez zen guztiz ezagutzen. Arrazoi hauek ulertzea garrantzitsua da materiala hobetzeko, eta kimika kuantiko eta konputazionalari esker, material hauetan gertatzen diren fenomenoak ulertzen hasiak gara. Donostiako POLYMAT izeneko Ikerketa Zentruaren eta UPV/EHUko gure ikerketa taldearen artean egindako lanean, material hauek bere burua konpontzeko gaitasuna nondik datorren azaldu dugu. Ez hori bakarrik, materiala hobetzeko gakoa zertan datzan proposatu dugu. Gerora begira, ezagutza honek bere burua azkarrago eta hobekiago konpontzeko materialak diseinatzen lagunduko digu.

Datozen hilabete/urteetan material mota hauek eguneroko bizitzan aurkitzea ez da arraroa izanen. Aplikazio ugari izan ditzakete hainbat esparrutan. Adibidez, imajinatu protesietan, gurpiletan eta beste leku askotan erabiltzeko gaitasuna baldin badugu. Jende askoren bizitza hobetzeko baliogarria izan daiteke. Hori bai, oraindik ikerketa asko egin beharra dago horretara heltzeko. Dena den, argi dagoena zera da: ikerketa zientifikoari esker (oinarrizkoa eta aplikatuaren elkarlanaz) gure bizimodua erreztu eta lagundu dezaketen materialak garatzen ahal dira.

Diseño y desarrollo Tantatic