Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2018-11-21

Udaletik, imajinazioz

Instituzio politikoek paper garrantzitsua betetzen dute sistema ekonomiko-sozialaren bilakaeran eta, azken finean, administrazioek izan dezaketen inpaktuaren gainetik arau eta protokoloak gainjartzen dira. Hein batean, lehendik finkatuta dauden egitekoak modu batez edo bestez burutzeko prestatuta daude instituzioak, batez ere udal-administrazioak. Behar hauek konpetentzia finkoak dira, udal-administrazioek bete behar dituztenak.

Hala ere, udalak legez dituen egitekoen gain, gainerako kapitala bestelako proiektu eta helburuetara zuzendu dezake. Askotan, gelditzen den ahalmena ez da handia, baina imajinazioa erabiliz dinamika berriak sortzeko aukerak sor daitezke.

Barañain udalerri berezia da. Biztanle asko dituen herria da, baina ia ez du lurrik ezta industriarik ere. Ez dago lan handirik herrian bertan, eta gehienek kanpoan garatzen dituzte kontsumo-erlazio guztiak. Arlo ekonomikoan, beraz, hurrengo legealdirako erronka bat jar daiteke mahai gainean: Barañainen bertako zirkulu ekonomiko propioak eratzea. Imajinazioa behar da zirkulu hauen erlazio ekonomikoak nola lotu jakiteko, baina behin helburuak jarrita forma besterik ez dute behar, errealismotik eraikitako bide-orri politiko bat. Zirkulu hauek lanpostu berriak, bertako kontsumoa eta herriko bizi-funtsa beraren indartzea ekar lezakete.

Ekonomia arloari jarraikiz, badaude zirkulu hauek udaletatik eratzeko bideak. Non dago herriko kontsumo gehiena? Tabernetan? Zer kontsumitzen da gehien? Badago bertan sal daitezkeen produktuak herrian produzitzerik? Ze programa egin daiteke udaletik aktore ekonomikoak elkarlotzeko? Bigarrenik, Barañainek baditu lur gutxi batzuk, etxe-blokeetatik hurbil daudenak. Zergatik ez diruz mugiarazten den merkatutik at egituratzen den jakien produkzio lokala? Beste puntu bat: moneta soziala. Badira herri mailan moneta propioa ezarri dituzten zonaldeak eta herriak, adibidez, Iparralden -euskoa- edo Oñatin -Txantxia-. Ze eragin izan lezake horrelako moneta batek Barañainen? Eta ideia hauen Iruñerri mailara eramaten badira?

Ideia sorta dira, ekonomia lokalera zuzendutakoak, baina udal proiektu politikoen barruan legediak finkatzen duen puntuetatik at egin beharreko gogoetaren parte ere badira ideia multzo hauek. Nola eraldatu errealitatea bere oinarritik. Hori da munizipalismoaren gogoeta garrantzitsuena, eta ezkerrak ezin dio muzin egin.

Diseño y desarrollo Tantatic