Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2016-12-22

Zientziarekin loturiko mitoak (II)

Gaurkoan ere zientziarekin lotutako hainbat mito dakarzkizuet. Urtea amaitzego gai aproposa da, kuriositatez beteak. Agian, gabonetako bazkari-oste luze hauetan, zertaz aritu ez badakizue osaba astunarekin, edo dena dakien lehengusinari adarra jo nahi badiozue, gai hauetako baten bat ongi etorriko zaizue. Dena den, ziur zerbait kuriosoa aurkitzen duzuela hurrengo hitzetan. Kuriositateekin utzi baino lehen, aprobetxatu nahiko nuke zuei guztioi egun politak izan dezazuela desiatzeko.

Azenarioak jateak ikusmena hobetzen du? Ez. Ikusmena hobetu ez arren, begiaren osasunerako ona da. Azenarioek beta-karotenoa dute, laranja kolorea ematen duen pigmentua. Guk, beta-karotenoetatik A bitamina lortzen dugu, eta A bitamina derrigorrezkoa da begiak osasuntsu mantentzeko. A bitamina faltagatik ikusmena gal daiteke. Hau dela eta, garrantzitsua da A bitamina eta begia osasuntsu mantentzeko, azenarioak jatea ona da (baina ez bakarrik azenarioak, beta-karotenoak beste barazki askotan daude). Laburbilduz: azenarioak begia osasuntsu mantentzen laguntzen du, baina ez du ikusmena hobetzen. Mitoa bigarren mundu gerran zabaldu zen. Inglesek RADARa garatu zuten, eta hori zela eta, nazien posizioak errezago detektatzen zituzten. Alemandarrak abantail horretaz ez konturatzeko, bulo bat zabaldu zuten: beraien pilotoen bista oso ona zen azenario asko jaten zutelako. Ez dakit naziak engainatu zituzten ala ez, baina mitoa azkar hedatu zen zibilen artean.

Egia al da gizakiok tximinotik gatozela? Hau esatean, askotan ulertzen da txinpanzeak ala gorilak direla gure aintzindariak, baina hau ez da egia. Ez gatoz gaur egun bizi den espezie batetik. Hori bai, txinpanzeek, gorilak eta guk arbaso amankomuna dugu. Imajina dezagun zuhaitz genealokiko bat. Anai-arrebak generazio berdinean daude. Argi dago anai-arrebak ez direla bata bestearen aintzindariak. Amankomunean arbasoak dituzte, eta lehenengo arbaso komunak gurasoak dira. Atzera generazio bat egin behar dugu. Aldiz, anai-arrebak beharrean, lehengusuak kontsideratzen baditugu, lehen arbaso komunak aurkitzeko bi generazio egin behar dugu atzera, aiton-amonak dira. Milaka generazio atzera eginen bagenu, txinpanzeekin eta gorilekin konpartitzen dugun arbaso komuna aurkituko genuke. Primate bat zen, baina ez zen ez txinpanzea, ez gorila, ez gizakia.

Euria egiten duenean, korrika egiten badugu gehiago bustitzen gara? Zer da hobeago, oinez joatea ala korrika egitea? Erantzuna ez dago garbi, faktore askoren menpe dagoelako. Euri-kantitatea, haizearen abiadura, gure abiadura, eta abar. Kasuak kasu, emaitza desberdinak lortu dira faktore hauek ez daudelako gure esku. Dena den, gauza bat esan dezakegu. Demagun euripean gaudela, baina haizerik gabe. Geldirik bagaude, bakarrik goiko partea bustiko ginateke. Ibiltzen ala korrika abiatuta, ordea, goitik bustitzeaz gain, aurretik ere bustiko ginateke. Euria guregana etorriko balitz bezala litzateke. Hortaz, korrika egitean, zenbat eta azkarrago joan, orduan eta euri gehiago harrapatuko genuke bidean. Hau oso nabaria da kotxean: geldirik gaudenean, batzutan kristalan euri tanta gutxi heltzen dira, eta ez dugu behar haizetako-garbigailua (limpiaparabrisas) abiadura handitan jarri behar. Aldiz, kotxeak abiadura hartzen duenean (autopistan adibidez) garbigailuari abiadura handiagoa eman behar diogu. Hortaz, euripean gauden segundu bakoitzeko, gehiago bustitzen gara korrika egiten. Hori bai, estalpe batera lehenago heltzen garenez, euripean denbora gutxiago pasatzen dugu eta ibiltzen, bukaeran, bustiago daude. Baina esandakoa, batzutan gehiago bustitzen gara ibiltzen eta beste batzuetan korrika egiten.

Egia al da hego hemisferioan fregaderoetan urak kontrako norantzan biratzen duela? Ez. Zergatik esaten da hau orduan? Coriolisen efektuaren interpretazio erroneo bategatik. Efektu honen arabera, Lurra errotatzen dagoenez, bere azaleran mugitzen den fluido batek zirimola mugimendua izango du. Hau distantzia handietako mugimenduetan gertatzen da: Adibidez, borrasken ala  antizikloien kasuan, haizeak mugimendu hori du. Ipar-hemisferioan borrasketan haizeak erlojuen orratzen kontrako mugimendua du eta antizikloetan alderantziz. Hego-hemisferioan, justo kontrakoa. Gure etxeko komunean ala sukaldean, aldiz, Lurraren tamainarekin konparatuta, urak oso distantzia txikitan mugitzen da. Hori dela eta Coriolisen efektua oso txikia da, eta beste faktoreek eragin askoz ere handiagoa dute.

Diseño y desarrollo Tantatic