Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2015-10-22

Zientziaren txokoak euskararen astean

Barañaingo euskararen astea burutu zen aurreko astean. Ekimen ugari, gai askotarikoak. Horien artean, zientziarekin zerikusia duten bi, hain zuzen ere. Lehenengoa Aitzol Lasaren eskutik etorri zen. Aitzol matematikaria eta idazlea da (txistulari eta dantzariaz aparte) eta “Usategiaren printzipioa” berak idatzitako liburua aurkeztu zuen. Gazteei zuzendutako liburua, matematikak protagonista direlarik. Modu ona matematikak gazteei hurbiltzeko. Lan kontuak direla eta, ezin izan nintzen bertaratu, baina aurkezpen jendetsua izan zela esan didate, eta argazkiek hala erakusten dute.

Honetaz aparte, zientziak beste unetxo bat izan zuen ere Barañaingo Euskararen Astean, BeA-n. Taberna batean egindako saioan, zientzia esperimentalak eta sozialak izan genituen. Mikel Santesteban eta biok hitzalditxoa eman genuen, psikohizkuntzalaritza eta fisikari buruz aritu ginelarik. Saioa oso ongi joan zen, eta hurrengo urteetan horrelako ekimenak egin daitezkeela erakutsi zigun. Posiblea da, bai noski! Jendea hurbildu zen, ezagunak eta ezezagunak. Egun horren inguruan hainbat erreflexio egin nahi ditut.

Alde batetik, hitzaldietarako prestatu zen txokoa nahikoa beteta zegoen. Jende gehiago kabitzen zen, baina ez asko. Zentzu horretan, ikusi genuen herrian badagoela horrelako ekitaldietara joateko interesa. Gainera, batzuk onartu nahi ez badute ere, hizkuntza ez da problema zientzia gaiak jorratzen direnean, eta hori berriz ere ikusi zen.

Bestalde, aipatzekoa da Aitzol, Mikel eta hirurok Barañaingo Institutuko euskal lerroko ikasle ohiak garela. Zentzu horretan, poztekoa da herrian bertan badagoela jendea horrelako ekitaldietan parte hartzeko, herrian bertan ikasitakoak. Garrantzitsuena, ez gara bakarrik gu hiruok. Lehen pausu hau emanda, datozen urteetan jende gehiagoren txanda izan daiteke. Lehen aldia zailena izaten da, baina hau bideratu ondoren, kontaktuen bidez hurrengo saioetarako jende gehiago topatuko ditugu.

Hau ere lagungarri izanen da. Izan ere, beste formatoak lantzeko aukera egon daiteke, partaide gehiagorekin. Hitzaldi laburragoak, ziuraski jendearentzat ulerterrezagoak... baina tira, hauek nire erreflexioak dira. Garrantzitsuena zera da, datozen urteetarako posibilitateak handitzen direla, eta ez txikitzen ala desagertzen.

Bukatzeko, azken kontu bat. Ekitaldia lagun zaharrak aurkitzeko eta berriak egiteko balio izan zuen. Institutuko irakasle zaharrak zein berriak han egon ziren. Izugarri poztu ninduen nire garaiko irakaslea zen Jokin Muñoz bertan topatzeak. Eta izugarri poztu ninduen ere ezagutzen ez nituen irakasleak ezagutzea, Xabi eta Uxue, adibidez. Izan ere, beraiek hitzaldien entzuleak baino gehiago izan ziren: Institutura joateko gonbitea luzatu ziguten. Ekimen berriak, denak euskaraz, ikasle gazteekin.

Aurtengo Barañaingo Euskararen Asteak ez dio bakarrik ate bat zabaldu zientziari. Ate zabaltze honen eraginez ate eta leiho gehiago zabaltzeak eragin ditu. Ziur naiz datozen urteetan, bide honetatik jarraituz, ekimen gehiago, zabalago eta jendetsuago izanen ditugula herrian, euskaraz, zientziaren inguruan. Guztion esku dago. Zorionak eta eskerrik asko antolatzaileei lehen pausu hau emateagatik. Lehenengorik gabe, besteak ezin dira etorri eta.

Diseño y desarrollo Tantatic