Jon Matxain

Jon M. Matxain naiz, kimikaria. Donostiako UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko kide asoziatua. Zutabe honetan zientziaren inguruko nire iritziak (eta gertakariak) plazaratzen ditut, beti ere pertsonak zientzia mundura hurbiltzeko asmoz. Gure lanean lortutako ezagutza gizarteratzen ere saiatzen naiz nire blogean: “Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe”.

2021-03-25

Zuhurtasun-printzipioa eta Oxford-Astrazenecako Txertoa

Lerro hauek idazten nabilen egunean hasi gara berriz jartzen Nafarroan eta Euskal Herriko beste hainbat bazterretan Oxford-Astrazenecak garatutako COVID19-ren aurkako txertoa. Honen erabilera ia bi astez egon da etenda, Espainiako Gobernuak, Frantzia, Alemania eta Italiakoarekin batera hartutako erabakiaren ondoren, zuhurtasun-printzipioa argudiatuz (principio de precaución, gazteleraz). Aurreko ostegunean, martxoaren 18an, ordea, Europako Medikamenduaren Agentziak berretsi zuen txerto hau segurtasun handiko txertoa dela. Egun hauetan zehar, gure gobernuen Osasun Sailetako harduradunen deklarazio bitxiak entzun ditugu, alde berean defendatu behar zutelako txertoaren segurtasuna eta txertoa jartzearen moztea. Santos Induraini eta Gotzone Sagarduiri ez diet inbidirik izan egun hauetan. Egun hauetan gertatutakoa zentzugabekeria izan da. Honela bakarrik definitu dezakegu azken asteetan Europar Batasunean gertatzen ari dena. Juan Ignacio Perez Iglesiasek nik baino hobe deskribatu du egoera hemen. Dena den, gaiak askorako ematen du, eta honen inguruan hainbat hausnarketa luzatu nahiko nizkizueke.

Lehenik eta behin, ikus dezagun zer den zuhurtasun-printzipioa. Teknologia ala produktu berriren batek (jakia ala medikamentua, normalean) osasunean kalte larria eragin lezakeen susmoa balego (nahiz eta froga zientifiko finkorik ez egon), printzipio honen arabera honen erabilera eten beharko litzateke zalantza argitu arte. Horrela ikusita, zentzuzko gauza dirudi. Printzipio honen helburua, hortaz, kaltegarria ala arriskutsua izan litekeen egoera bat ekiditea da. Gure gaira itzuliz, printzipio hau Oxford-Astrazenecako txertoaren aferan nola erabili izan den analizatuko dugu. Izan ere, txerto hau jartzea izango litzateke aurkitu diren hainbat ezohiko tronbosi larrien jatorria. Jarraitu aurretik, gogora dezagun lotura hau ez dagoela demostratua. Dena den, konexioa demostratua egon ez arren, pena mereziko luke konexioa dagoen ala ez analizatzea kasu larrien kopurua (kalteak) onurak baino handiagoak izango balira. Hortaz, aldera ditzagun kalteak (txertoak eragingo lituzkeen ustezko tronbosi larrien kasuak) eta onurak (txertoak ekidituko lituzkeen COVID19-k eragindako hildako kopurua).

Has gaitezen tronbosi larrien kasuekin. Mundu mailako zenbakien arabera, txertoa jarritako milioi pertsonetik bik izango lukete arazo hau (2/1.000.000). Nafarroaren biztanlegoa kontutan hartuko bagenu, asko jota bi pertsonek izangoo lukete arazoa, baldin eta populazio osoari txerto hau jarriko balitzaio. Estadistikoki, kontutan hartuta biztanlegoaren zein populazio proportzioari jarriko zaion Astrazenecako txertoa, asko jota pertsona batek izango luke arazoa (ustez txertoagatik). Baina, gaixotasun hau bakarrik Astrazenecako txertoa jaso dutenek pairatzen dute? Ba ez! Populazio orokorrean, inzidentzia handiagoa da! Kalteak aztertu ondoren, analiza ditzagun txertoaren onurak. Astrazenecako txerto honek (eta beste batzuk) hildako kopuru handia eragiten duen COVID19tik babesten gaitu. Zenbat hildako eragin ditu orain arte? Azter dezagun Estatu Espainoleko datuak. Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera, 73.744 hildako eragin ditu COVID19ak, eta populazioa, “Insituto Nacional de Estadística”ren arabera, 47.351.567 zen 2020ko uztailaren 1an. Hortaz, milioi biztanleko zenbat hildako eragin ditu COVID19k? 1500 inguru! (Nafarroan antzerako proportzioak ateratzen dira). Ondorioak garbiak dira: populazioaren %10ri Astrazenecako txertoa jarriko balitzaio, batazbeste milioiko 150 bizitza salbatuko lirateke (eta tronbosi larria izateko probabilitate handiena 0 izatea litzateke. Atera ondorioak zuen kabuz: zer da arriskutsuagoa? COVID19 harrapatu ala Astrazenecako txertoa jarri? Nire ustez, argi eta garbi, COVID19 harrapatu. Aukera izango banu, zalantzarik gabe txertoa jarriko nuke.

Datu hauen arabera, nire ustez, zuhurtasun-printzipioa oso gaizki aplikatu da kasu honetan. Dena den, litekeena da arrazoiak osasun alorrekoak ez izatea da. Azken hilabeteetan Europar Batasuna eta Astrazenecaren artean tirabirak daude. Farmazeutikak aurrikusitako dosi kopurua ez duela bidaltzen, beste batzuk gehiago ordaintzen omen dute, Erresuma Batuak nahi dituela eta presioa egiten duela… Badirudi, hortaz, Europar Batasuneko herrialdeek presioa egiteko erabili dutela afera hau, eta ez benetazko osasun arazoak zeudelako. Afera honen azken uneko kontua Italian agertu diren Astrazenecako txertoaren milioika dosiak dira. Europar Batasuneko susmoetan, Erresuma Baturako ziren dosi horiek. Bertara doazen Europan ekoizten diren Pfizerren txertoen esportazioak mugatzea izan da Europako erantzuna (hemen duzue azalpen sakonagoa). Astrazenecaren esanetan, 3. munduko hainbat herrialdeentzako ziren dosi horiek. Akusazio gurutzatuen ostean, Erresuma Batuak eta Europar Batasunak elkarrekin atera dute komunikatua arazoa konponbidean jartzeko asmoz.

Hau guztia ikusita, nire uste apalean, Europar Batasuneko herrialde askok (ez denak, Belgika adibidez salbuespenetako bat izan da) zuhurtasun printzipioa aitzaki gisa erabili dute Astrazenecari (eta Erresuma Batuari agian), presioa egiteko. Zientziaren mundutik Astrazenecaren txertoarekin txertaketa moztearen aurka agertu dira espezialista ia-ia guztiak, aho batez. Europako Medikamenduaren Agentziak berak, datuak analizatzen zituen bitartean, txertaketarekin jarraitzea gomendatzen zuen. Honek guztiak populazioan zalantzak, kezkak eta beldurrak altxatu ditu. Izan ere, osasun arazoz mozorrotutako afera politiko-ekonomiko-komertzial honek ondorio kaltegarriak ekar litzake hainbat alorretan:

Hildako kopurua handitzea: Txertaketa moteltzeak, azkenean, hildako kopurua handitzea dakar. Izan ere, tarte honetan txertatuak izan ez diren pertsonen artean, portzentai batek gaixotasuna hartuko du, eta gaixo hauetatik portzentai bat hilko da (ezin da zuzenean neurtu, baina milioi biztanleko hildako bat baino gehiago izango da emaitza, ziur). Horretaz gain, birusaren zirkulazioa gutxitzen ez dugun arte mutazioak gertatzearen arriskua dago.

Astrazenecako txertoarekiko konfidantza galtzea: gure ordezkari politikoek hartutako erabaki honek Astrazenecaren txertoarekiko konfidantza galtze handia eragin izan du. Gaur Astrazenecarekin txertatutako jende askok bere kezkak plazaratu ditu. Hau arazo bihur liteke jendeak ez badu txerto hau jarri nahi. Kezka sortzearen ardura handia dute Gobernuek, kezkarako (osasun aldetik bederen) pisuzko arrazoiak ez zeudenean, lehenago ikusi dugun moduan.

Ordezkari politikoekiko konfidantza galtzea: erabakia estatuen goi mailan hartua izan da, eta komeriak pasa dituzte Nafarroako eta Euskal Autonomi Erkidegoko Osasun Saileko arduradunak erabakia justifikatzeko. Gainera, behin txertoarekin jarraitzea onartuta, sei egun eman dute berriz txertaketa prozesuarekin jarraitzeko. Kontraesan ugari hauek gure ordezkariekiko konfidantza falta areagotu dezake. Eta beraiengan konfidantza gutxitzen bada, nola beteko dira bete behar diren neurriak? Puntu honetan azpimarratu nahiko nuke Osasun arlotik egiten diren gomendioak betetzea oso garrantzitsua dela, gure ordezkarien kontraesanak alde batera utzita. Hauek gaizki egiteak ez du esan nahi besteok ere gaizki egin behar dugunik. Egin kasu zientziaren aldetik eta osasun arlo profesionaletatik heltzen zaizkigun gomendioei eta arauei.

Enpresa Farmazeutikoekiko konfidantza galtzea: Bukatzeko, farmazeutiken inguruan konfidantza galera ere suposatu du. Izan ere, empresa farmazeutikek diru publiko asko erabili dute txertoen garapena aurrera egiteko, eta orain borroka komertzialengatik txertaketa prozesua moteltzen ala gelditzen bada, nola ikusiko ditugu begi onez? Dena den, multinazional farmazeutikoek konfidantza handirik ez eman arren, oso garbi izan behar dugu bertan lan egiten duten zientzialari eta profesionalak oso konfidantzazkoak direla medikamendu eta txerto seguru eta eraginkorrak garatzeko orduan. Sendagaiak eta txertoak dira gizakion bizi iraupenaren luzatzearen arrazoi nagusietakoak, ez dezagun hau ahantzi.

Bukatzeko, azken hausnarketa. Gerora etor daitezkeen pandemia berrien aurrean, txertoen gerra komertziala nola ekiditu daitekeen pentsatzen hasi beharko ginateke. Ideia interesgarri desberdin plazaratu dira: empresa farmazeutiko publikoak sortu edo/eta patenten anulazioa interes publikoa nagusitzen den kasuetan (inbertsio publikoa handia izanda, gainera). Gai honek hausnarketa sakona merezi du, eta beste baterako utziko dugu.

Diseño y desarrollo Tantatic