Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Zurea da giltza. Gurea da.
Gazteriak badu zerbait bere izakeran desberdin egiten duena. Gazteria da kaleak ilusioz eta irriz betetzen dituena, etorkizuneko isla eta, nola ez, helburu utopikoz lepo dauden buruz betetako gizarte-taldea.
Barañain adibide garbia da. Urteak dira gazteria bere bizitza eraikitzeko antolatzen dela. Begiradatxo bat besterik ez diogu egin behar iraganeko Gaztetxeetan ematen ziren ekimen eta burutazio guztiei. Berria. Freskoa. Eraldatzailea. Iraultzailea. Bertan ematen ziren ekintzak beraiek ziren iraultzaileak.
Zenbait botere, ilusio eta adimen kolektibo hori zapuzten saiatu izan dira beti. Utopia ez da makro-ekonomia zalea. Utopia ez da kapitalaren lagun. Askatasuna ez da enpresarioan laguntzaile. Mugimendu guztiek badute bere erantzuna ere. Barañaingo gazteria errepresio bortitza jasana izana da behin baino gehiagotan, baina sua ez da itzaltzen.
Jada denboratxo bat pasa da Barañaingo gazte ugari jaio berri zen Gazte Asanblada berriaren siglapean lan egiten hasi zenetik. Kultur ekintzak, kontzertuak, bazkari herrikoian, tailerrak, hitzaldiak… Asko dira geroztik antolatu direnak. Baina hau haratago doa.
Barañaingo Gaztetxe berria heldu da, hemen da. Urriak 28. Gaztetxeko txupinazoa prestatzen hasteko garaia heldu da. Gure esparrua. Gazteok antolatzeko erabiliko dugun tresna. Hemen da. Bukaera? Noski ezetz. Hau hasi besterik ez da egin. Orain da Barañainen gazteriatik bultza egin eta askatasuna aldarrikatzeko ordua. Askatasun kulturala, ideologikoa, sexuala… Ez dakizula nondik hasi? Etorri. Uste baino lehenago zu bezalako beste pertsona bat aurkituko duzu, norekin konpartitu, norekin ekin, norekin irabazi… Ostiral honetatik aurrera guztien ardura izango da denon esparru izango den Gaztetxea eraikitzea. Hilabete eskas. Tik-tak, tik-tak… Zerbait aldatzera doa, eta zuk daukazu giltza.