Mikel Lazkoz
Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.
Frikitxoko XXV – Blood Meridian
25. Frikitxokoa!! Erraz esaten da. Oraingoan, denboraldi honen hasierako bi gomendioen tartean kokatuko garela esan dezakegu, errealismotik gertu, gaurko eleberriak zenbait pertsonai historikoren gorabeherak aipatzen baititu baina bere ukitu fantastikoa ere izango du, txikia, baina ez eskasa Lazkao Txikik zioen moduan.
Blood Meridian, Harold Bloom literatur kritikoaren arabera XX. Mendeko amerikar eleberri onenetakoa da eta bere egile Cormac McCarthy Nobel sarietako hautagai eterno horietako bat dugu. Lasai, nik ere ez dakit nor den Harold Bloom eta ez diet Nobel saridunei kasu handirik egiten, baina zuk, frikitxokoaren irakurle fidel horrek ez duzu halako laudorio ponposoen beharrik ezta? Nahikoa duzu gure gomendio xumearekin.
Zer eskaintzen digu Blood Meridian-ek orduan? Ba hori, odola, area, biolentzia, nihilismoa,… Eleberria Mexiko eta Estatu Batuetako muga inguruan kokatzen, hemeretzigarren mendearen amaieran eta “gaztea” bezala ezagutuko dugun protagonistaren gorabeherak kontatuko dizkigu.
John Joel Glanton Texas-eko Ranger izatera heldu zen, historia liburuetan bere arrasto odoltsua topa daiteke gaur egun eta istorio honetako protagonistak bat egiten du berarekin eta Holden epailea, gida espiritual makabro bezala duen taldearekin. Azken pertsonaia hau liburua aurrera joan ahala garrantzia irabazten joango da eta hau izango da ziurrenik irakurlearengan arrasto sakonena utziko duen pertsonaia.
Aurrekoan irakurterraza zen liburua gatekin gentozen bezala, oraingoan liburu honek irakurleari ahalegin gehiago eskatuko dio baina ahaleginak mereziko duela ez izan zalantzarik.