Naroa Sarriguren
Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?
TWIST Izaki intermitenteak
Donostiako Zinemaldiko azken edizioan euskaraz egindako lanek oihartzun handia izan dute. Alde batetik, eta batez ere, euskara hutsezko lan batek lehen aldiz sail ofizialean lehiatu eta publikoa bereganatu duelako. Bestetik, sail ofizialetik kanpo gure historiako gertaera latz baten kontakizuna egin duen film bat ere bertan aurkeztu zelako. Udazkenean gure zinemetan ikusgai izan ditugu Loreak eta Lasa eta Zabala hurrenez hurren.
Artelan ederra lehenengoa, modu finean istorio xume eta hunkigarria kontatzen duena. Bigarrena, aldiz, estatuaren krudelkeria eta bidegabekeriaren kapitulu gordinenetako bat azaltzen duen lana.
Bi filmok ikusi nituenerako, Harkaitz Canoren Twist eleberria irakurria nuen. Eta aitor dezadan: liluratu egin ninduen. Aipatutako historiako pasarte beltzetik fikzio lan zoragarria osatu baitu Canok.
Bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi zituzten bi gazte oinarrian izan arren, Lasa eta Zabala filmean ez bezala eleberriak ez du gertaera hori kontatzea helburu, nahiz eta hori ere egiten duen. Errealitate horretatik abiatuta istorio bat kontatu nahi du. Sortu.
Dokumentazio lan zehatzetik haratago, sormen lan bikaina dago.
Twist. Izaki intermitenteak. Soto eta Zeberio galdutako lagunen oroitzapen edo mamuak behin eta berriz agertzen zaizkio Diego Lazkano idazleari urteetan zehar. Bere bizitzan lagunon pisu eta eragina nabarmena da, baina funtsean egokitu zaion bizitza kontatzen digu; berea, lagunena eta beraien bidean gurutzatutakoena. Liburuaren atzealdeak dioen bezala errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena, adiskidetasuna… bizitza.
Idazkera aldetik ere lan aberatsa dela esango nuke. Liburua nobela bat da, jakina, baina ukitu poetiko, dramatiko nahiz saiakera kutsua ere badu. Gainera, 80ko hamarkalditik gaur egunerako bidean denbora jauziak egoki baliatzen ditu.
Errealitatetik abiatzen den fikzioa. Hausnarketarako bidea ematen duten hainbat gai, pentsatu eta esaten ez diren gauzak, besteak beste. Zer eta nola kontatuko dizkizun jakin nahi?
__
Barañaingo liburutegi publikoan ale bat.