Naroa Sarriguren

Naroa Sarriguren

Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?

2015-04-22

Fikzioaren izterrak

Jolas, panpin edo eskola usaina hartzen dio jendeak sarri ipuinari. Ipuinak maitagarri eta abentura liluragarriei buruzko kontakizunak direla iruditzen zaizkie zenbaiti. Txikitako kontu bat. Txikientzat egindako istorio txiki bat. Eta ez dakit horregatik izango den, baina eleberri handiaren ondoan duintasunez defendatzeko ipuin izena baztertu eta narrazio edo kontakizunak argitaratu izan dituzte hainbat idazlek.

Izen bat edo beste erabili, ipuinek denetariko istorioak kontatzen dizkigute eta idazle bikainek erabili dute genero hau mundua azaldu edo gertatzen dena salatzeko, hor dugu besteak beste, aurreko astean hildako Eduardo Galeano.

Euskal literaturan ere asko dira ipuinak idatzi dituztenak eta horietako bat ekarri nahiko nuke hona: Ur Apalategi (Paris, 1972). Fikzioaren izterrak bere lehen ipuin liburuarekin gozatu egin nuen. Alde batetik, eleberriak ez bezalaxe, ipuin liburuek arreta osoz irakurri eta bakoitzarekin hasi eta buka disfrutatzeko aukera ematen dutelako, itzulingururik gabe, zuzen, jo-mugaraino doazelako. Bestetik, gure gizartea disekatu eta azaltzeko moduagatik.

Apalategik gure eguneroko bizitzako gaiak darabiltza, dela politika edo bikote harremanak, dela bere aurreko bi eleberrien ardatz izan zen mundu literarioa. Izan ere, Pabeko unibertsitatean literatura irakasle izanik beretzat ezaguna da mundu hori eta idazle protagonistak dituzte ipuin batek baino gehiagok, idatzi eta liburuak argitaratzen dituzten pertsonak; pertsona hurbilak, miseria, kezka edo problema arruntak dituztenak.

Baina ez dira gaiak bereziki erakargarri iruditu zaizkidanak. Gaiak lantzeko modua da azpimarratuko nukeena. Apalategik umorez egiten du gure gizartearen erretratua, askotan patetikoa izatera iritsi daitezkeen jarrera eta beldurrak erakutsiz. Bizitzaz edo bizitzeko moduaz hausnarketa egiteko behar dugun ispilua ote dira?

Estilo bizi eta jostarian idatzitako zazpi ipuin, zazpi mundu ezagutu eta protagonistek egoera horretan bizitzari nola aurre egiten dioten ikusteko aukera.

Diseño y desarrollo Tantatic