Aszen Argandoña
2013-10-19
Diruak zakurra ere dantzan jarri
Zenbait tokitan badirudi telefonoaren txirrinak ez duela sekula atertuko. Egun osoko musika hori izaten dugu lantoki eta ia-ia bizitoki ere badugun Sahats euskaltegian ere. Era guztietako deiak jasotzen ditugu: euskara ikasi nahi duten herritarrenak, ikasleenak, euskara teknikariarenak, IKAko gainerako euskaltegietako lankideenak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilukoenak, politikarienak, Bai Euskarari proiektuan parte hartzen ari diren herriko dendari eta taldeetako kideenak, kultura teknikariarenak, Barañain Auditoriokoenak …
Telefonoa hartu ondorengo “Sahats euskaltegia, bai esan” hori entzun eta euskaraz mintzatzen zaigu solaskidea. Tira, irailean eta urri hasieran badira euskaraz hitzik jakin ez eta ikasten hasteko informazio eske deitzen dutenak ere. Pozik egiten diegu gaztelaniaz horiei. Baina gainerako jende guztiarekin euskaraz aritzen gara.
Azkenaldian, ordea, ugaritzen ari zaizkigu bestelako dei batzuk. Garai batean deika ari zitzaigun telefono zenbakiari erreparatu orduko bagenekien zerbait saldu nahi zuen norbaitena zela eta ez hartzeko aukera izaten genuen. Orain, berriz, zenbakia ikusita ez dago jakiterik nor den; beraz, ezin saihestu era guztietako saltzaileak. Hori bai, telefonoa hartu eta euskaraz agurtu ondorengo isilune luzeak salatzen du saltzaile erdalduna. Nabariagoa izaten da aztoramena “Buenos días, mi nombre es X, me gustaría hablar con el gerente de la empresa” gaztelaniaz esan eta guk berriz ere euskaraz “Sahats euskaltegia, bai esan” erantzuten diogunean, edo gaztelania zoragarrian azaltzen diogunean gerentea garela eta gure enpresak erabakia duela euskaraz eskaintzen ez zaion zerbitzurik edo produkturik ez erostea. Bigarren bidea erabiltzen dugunean, Nafarroara deika ari dela azaltzen diegu, Nafarroako berezko hizkuntza bakarra euskara dela eta, mesedez, bere nagusiari gertatu zaionaren berri emateko; alegia, esateko, faborez, gero eta gehiago garela gure hizkuntzan eskaintzen ez zaigun edozein produktu ez erostea erabakia dugunak.
Izan ere, bada garaia gure herrian gure hizkuntzan bizitzen saiatzen garenok gogorrago jokatzeko inolako begiramenik erakusten ez digutenekin, gure izatea ukatzen digutenekin, gure herrian atzerritar sentiarazten digutenekin; azken batean, euskara ez ikasteko eta ez erabiltzeko hitzetik hortzera aitzakia merkeak baino ematen ez dizkigutenekin.
Gure dirua nahi duenak errespetua zor digu. Euskaldun guztiok horrela eginez gero, euskarak aurrera egingo du. Diruak zakurra ere dantzan jarri baitzuen.
Gero eta gehiago gara gure hizkuntzan eskaintzen ez zaigun edozein produktu ez erostea erabakia dugunak.
Aurrekoak - Anteriores
Diseño y desarrollo Tantatic