Naroa Sarriguren
Proposamen bat. Liburu guztien artean bat aukeratzeko gonbitea. Hartu, hasi eta ikusi. Ikusi aurrera jo ala bertan behera uztekoa gogoa duzun. Zer duzu galtzeko?
Krokodriloa ohe azpian
Krokodiloa ohe azpian. Bai, krokodiloa. Izan zitekeen Kafkaren labezomorroa, baina ez, J.J. protagonistak krokodiloa aurkitu du ohe azpian. Eta orain zer?
Orain gaur egungo gure jendartearen erradiografia bat, J.J.ren istorioa gutariko edozeinena izan zitekeelako. Hauteskunde kanpainan entzun ditugunak entzun ondoren protagonistak arazo larririk ez duela ematen du: badu lana eta baita etxea ere. Baina zer izan daiteke hori baino larriagorik? Berak ez du ikusten eta askotan guk ere ez.
J.J.ri pasatzen zaiona ikusteko Mariasun Landak (Errenteria, 1949) fantasiara jo du, eta baita asmatu ere! Bere estilo zuzen eta umore finekoak ezin hobeto erakusten digulako, sarritan beldur, bakardade eta minak ikusi (nahi) ez arren, hortxe daudela eta zerbait egin behar dugula benetan biziko bagara.
Ikustezina ikusteko erreminta bat da krokodiloa, nahiz eta J.J.ari ez dion grazia handirik egiten, bere bizitza lasaian bat-batean agertu zaion piztia horri jaten eman behar diolako kosk egin eta bera jan ez dezan.
Liburu laburra da, irakurraldi bakarrean irensteko modukoa nahiz eta liseriketa ere eskatzen duen. Hausnarketarako bazka. Tertuliarako gaia.
Nik proposamen bat egin nahi dizut. Niri proposatu izan ez balidate ez nukeelako seguru asko Haur eta Gazte literaturako apalera joko liburu bila eta ez nukeelako halako bitxi hau aurkituko. Emakume, euskal edo gazte literatura esatean txiki edo bazterreko literatura esan nahi dute batzuek. Ez dakite zer galtzen duten!