Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Indar hegemoniko baten giltza
Ostegunean zortziak aldera esnatu eta burua freskatzeko intentzioarekin irratia piztu nuen, Bartzelonan ikasten nagoen ezkeroztik egiten dudan bezala. “Bon dia, desperta Catalunya, son les vuit! Estem al matí de Catalunya Radio”. Ohi denez, Mònica Terribas kazetariak eguneko lehen hotsak eman zituen irratian. Baina ez zen goizero egiten duen hasiera izan. “Gaur ez naiz saioan egongo; greba feminista egingo dut”. Hala amaitu zuen aurreko egunetik grabatuta zegoen zatitxoa, egun garrantzitsu baten aurrean geundela ikusaraziz.
Goiz osoan zehar Euskal Herritik iritsitako argazki eta bideoek mugimendu feministaren garaipen eguna iragartzen zuten. Katalunian, bide mozketa eta manifestazio deszentralizatu ez-mixtoak egon ziren eguzkiaren lehen izpiekin batera. Arratsaldean goizeko indar metaketa hauen eztandak emango ziren Euskal Herriko, Kataluniako eta Estatu osoko hiri gehienetan.
Ideia feministak gora doaz. Azkeneko urteetan egindako lanagatik mugimendu feministak mahai gainak harrotu eta gai berriak piztu ditu agenda politikoan. Antolaketa eredugarri baten ondoren, ideia feminista eraldatzaileak nagusitzea lortu du mugimenduak. Bartzelonako manifestazioan 200.000 pertsona baino gehiago elkartu omen ziren, eta guzti hauek bandera more, berde eta gorrien azpian. M8 historikoaren aurreko egunetan statu quoaren aldeko indarrak ez zeuden grebarekin bat. “Ez da helburuak lortzeko bidea”, “feminismoa bai, baina komunismoa ez” edo “feminismo inklusibo (zentrista) bat nahi dugu” esaldien atzean ezkutatuz, eskuinak ezin izan du mugimendu feministak lortu duen diskurtso aldaketei aurre egiteko argumenturik sortu.
Egun amaierako kronikak irakurri eta entzun ondoren, horrelako garaipen baten atzean dagoen prozesuaren garrantziaz jabetzea falta zen. Madrilgo manifestazioko antolatzaileetako batek martxoaren zortzia baino lehenagoko asanbladen indarra azpimarratu zuen elkarrizketa batean. Lantokietan, eskoletan, unibertsitateetan, auzoetan… ehundaka asanblada ezberdin egon dira greba egun hau prestatzen, eta baita egun hau baino lehenagoko dinamiketan ere, horren atzean dagoen eztabaida prozesu partikular bakoitzarekin. Kasu guzti hauetan maila kolektiboan ideologikoki ahaldundu diren emakumeak dira, zarete, greba egun honen garaipena.
Diskurtso bidezko eraso kontserbadoreei bizkarra emanez, milaka pertsonen aurrean mikrofonoa hartu eta “gaur ez noa lanera” esan zuen Catalunya Radio-ko kazetariak. Beste emakume askorekin batera, ostegunean mundu berri baten eraikuntza posible dela erakutsi nahi izan zuen. Bide honetan, Bartzelonako manifestazioa mezu garbi batekin amaitu zen: bizitza jarri behar da sistemaren zentroan.
Asko dira bere burua feminista bezala hartzen duten indar politikoak, baina askotan “hau ezin da egin” aitzakiaren azpian gelditzen dira hitz polit guztiak. Filosofia gehiago falta zaio gaur egungo politika teknikoari. Gizartearen aldaketak analizatu behar ditu, eta indar metaketa berriak sortzeko aukera berriei erreparatu. Kaleak aldatzen ari dira, eta feminismoa da hauen bihotza eta giltza. Osteguneko aldarria bere atzean zeuden ideietan oinarritutako proiektu politiko baten defentsan aktiboki altxatzen bada, nork daki non izango den muga. Argiago ezin: “sense les dones no hi ha revolució”. Ez dago iraultzarik emakumerik gabe.