Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2018-06-06

Erabakitzeko eskubidea

Urte bat exkax falta da udal eta foru hauteskundeetarako. Hiru urte pasa dira ia alkatetza berrien pleno historikoetatik. “Berriaren beldurra” hautsi da jada gizartean, eta ez da apokalipsirik erori.

Nafarroan eman den aldaketa berezia da Estatu osoan: lurralde bakarra da non PSOE gobernu berrien partaide izatetik at gelditu den. Ezaugarri hau garrantzitsua da, gaur egun ez baitago boteredun espainiar alderdi handirik Nafarroako udal eta foru instituzioetan. Baina, urte eskasean izango diren hauteskundeei begira, nafar ezkerrak helburu berriak finkatu beharko lituzke,

Ispilua, berriz ere, Katalunian jarri dezakegu. 2017ko urriak irakaspen asko utzi diezaguke. Izan ere, bertan bizitako mugimendua Kataluniako gizarteak subjektu politiko gisan har ditzakeen erabakien defentsa izan zen, sinpleki esanda. Azken urteetan, ezker perspektiba batetik bultzatutako legeak eta ideiak (ñabardura asko egin daitezke puntu honi dagokionez) eta prozesu independentista batera abiarazi dira. Urriko mobilizazioek ez zuten soilik Estatu baten eraikuntza bat bultzatu nahi, Estatu mota berri bat baizik; nahiz eta gizartearen gehiengo baten babesa izan, Espainiaren barruan lor ezin zitekeen proiektua. Hor dago gakoa.

Nafarrora bueltan, hiru urte hauetan lege garrantzitsu asko atzera bota ditu Auzitegi Konstituzionalak. Estatutik errekurritu diren 17 legeetatik 12 atzera bota ditu auzitegiak. Hau da, Estatuko interesen kontra doan edozein lege errekurritzen bada, aukera handiak daude nulua izateko, nafar Parlamentuaren hitza zapalduz. Hau adibide bat da, baina ez gara zergatik konstituzionalera joan beharrik. Iruñeko haur eskolen kasua ere aipatu genezake, konstituzionaleraino joan beharra izan gabe.

Egoera judiziala ez da Kataluniakoaren ezberdina. Honen aurrean, aldaketaren proiektua aurrera eraman nahi bada, hemen ere gakoa zera izango da: nafar gizartea, subjektu politiko gisa, Espainiako botereen aurrean erabaki demokratiko propioak errespetarazteko gai dela adieraztea. Hau da, Nafarroak bere errealitate propioa nola diseinatu nahi duen erabakitzeko eskubidea duela argi uztea. Nafar subjektu politikoaren eraikuntza izango da, beraz, hurrengo hauteskundeen ondoren herrietatik bultzatu beharreko proiektu estrategikoa.

Erabakitzeko eskubidearen defenditzea Nafarroako burujabetza hauspotzea da, guk gure hitzez erabakitakoa kanpoko botere batek zapalduko ez duela baieztatzea. Nafarroko gizarteak erabakitzen eta defendatzen duen proiektu politiko bat legitimoa dela adieraztea.

Zentzu honetan, bai euskal eta baita espainiar ikuspegia duen ezker ideologia oro egon daitezke ados, Estatuan ez baitago hemen egin daitezkeen aldaketak aurrera eramateko baldintza objektiborik. Hari honetatik jarraiki, erabat logikoa izango litzateke etorkizun hurbil batean hauteskundeetara ezkerreko benetako batasun zerrenda bat aurkeztea, hiru zutabe nagusirekin:

1) perspektiba eraldatzaile batetik eraikitako proiektu politiko bat, herri eta auzoetatik sortutako gehiengo metaketen ondoren eraikitako marko berri bat;

2) nafar kultur aniztasunaren defentsa; eta

3) erabakitzeko eskubidea, herrialde bezala gure etorkizuna gehiengo sozial baten bidez nola eraiki nahi dugun zehazteko tresna gisa, aurreko bi puntuak egia bihurtzeko ezinbestekoa.

Diseño y desarrollo Tantatic