Mikel Lazkoz

Hau da Plazaberriko Friki-Txokoa. Asmoa, ni bezalako nortasun multipledun friki bati gozarazi didaten liburu, pelikula, komiki etabarrekoak (ezingo dugu ekidin seguraski musika ere azaltzea nonbaitetik) zuei helaraztea izango da, zuek ere gozatu ahalko dituzuelakoan.

2019-03-28

Behar baino lehenago amaitu ziren telesailak (II) : Vinyl

Aurreko FrikiTxokoan hasitako gaiarekin jarraituz, beste telesail batekin gatoz gaur, tamalez denboraldi bakarra izan zuena baina milaka zale gehiagorako gogoekin utzi gintuena.

Vinyl telesaila, HBO katearen (telesailen urrezko aro hau hasi zuen katea dela esan daiteke) 2016 urteko apostu garrantzitsuenetako bat izan zen, Martin Scorsese eta Mick Jagger zeuden, beste batzuen artean telesailaren ekoizle bezala, lehenengoak 1. kapitulua zuzendu zuelarik eta bigarrenak bere semea aktore bezala zuelarik ere. The Sopranos telesail mitikoaren atzean zeuden pertsonak ere zeuden Vinyl-en sorreraren muinean, beraz argi zegoen aurreikuspen handiak sortu zituen produktua zela.

Vinyl-ek Richie Finestra, disketxe famatu baten nagusiaren istorioa kontatzen du 70. hamarkadaren hasieran, disko musika eta punkaren pizkundearekin batera bere enpresa aurrera eramateko dituen buruhauste eta jokaldietan zentratuz. Hau da, testuingurua ezinhobea da eta telesaila oso zaindua dago teknikoki, antzezleen lana bikaina da eta gidoiak ere ikaragarriak dira; kapitulu batzuek pelikula independiente bezala ongi asko funtzionatu lezakete. Gainera denboraldi honetatik pasatzen diren mito musikalen zerrenda itzela da ere: New York Dolls , Led Zeppelin, Elvis Presley , Lou Reed , Alice Cooper , Dj Cool Herc , …

Eta orduan hainbeste bertute dituen multzoa nola utzi dute denboraldi bakar batean? Iritzi ezberdinak daude ebidenteak diruditen arrazoietaz gain, audientzia baxua, gastatu zuten dirutzak (100 milioi dólar 1. denboraldi osoan),… baina batzuek diote HBO-k irudi txarra ematen zuela eta oraindik bizirik dauden artista batzuen irudia ere kaltetzen zuela, beste batzuek HBO-ko programazio buru berriak bere ikuspuntua eman nahi ziola katearen eskaintza berriari eta zama zaharrak kendu nahi zituela… Kontua da hor geratu zirela 10 kapitulo horiek, garai hartako musika gogoko ez duen edozeinik gustora gozatzeko modukoak dudarik gabe.

 

Diseño y desarrollo Tantatic