Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2019-11-04

Kendu dute Kuboa, azkenean

Barañaingo lakuaren parkeko “Kubo” famatua kendu egin du udalak, aurreko legealdian hartutako erabaki bati jarraiki. Parkeko betiko instalazio bat zena ez dago jada. Betikoak betiko, halakorik ez zegoen parkea diseinatu zutenen burutaziotan. Geroago eraiki zen, ezein analisi urbanistikoren kontrako islaren gisan.

Kafetegia izan behar omen zuen. Baina, udan, negutegi bero bat bilakatu zen, eta, neguan, haizeak zuzenean jotzen zuen esparrua zen. Parkeko gurasoentzako leku aproposa izan nahi zuen, haurrak jolasean zeuden bitartean lasai egoteko kafetegia, baina berrehun bat metrora du jolastokia. Urrunegi. Arkitektura estilo berezia zuen eraikina nahi zuen norbaitek Barañainen, baina erabilezinezko kaxa bat jarri zuten Barañaingo parke handieneko erdigunean, alderik alde begiratzean luzerako begirada mozten zuen kristalezko plaka bailitzan.

Lakuko Kuboak politika urbanistiko mota baten isla da. Maila txikian, Barañainen Kuboak ordezkatzen du bestelako udalerrietan egin diren obra basatiak. Pentsamendu mota bat da, hainbat alderdi politikok izan dutena. Obra berezi bat egin, herrian aldaketa handi bat egin dela adierazteko; baina benetako beharrei erantzun gabe. Handikeriak. Handinahiak. Gezurrak.

Kaleetako diseinuak herritarren egunerokotasunarekin egiten baitute topo. Garrantzitsua da pertsonen bizitzak moldatzeko elementu bezala. Nondik joan gaitezke bizikletaz? Nondik haurrekin lasai ibili? Zein da landarediaren papera kaleetan? Badago herriko ekonomia garatzeko leku fisikorik? Diruak ez du neurtzen udal batek abiatu dezakeen obra baten garrantzia; herritarren beharrek eta gizartean eman daitezkeen aldaketek izan beharko lukete lekukoa.

Eraitsi dute Kuboa. Bai. Eta ez dadila itzuli. Ez dadila itzuli alderdi politiko bakar baten amets zentzugaberik.

Diseño y desarrollo Tantatic