Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
‘Big-data’, militarrak, eta oinarrizko eskubideak
Orwellen begia gainean dugu. Gure mugikorrak etengabe ari dira datuak jasotzen, eta teknologia multinazional erraldoien zerbitzuak duela urteak egin genituen gure. Pribatutasuna murriztu egin da erabat; algoritmoek guk geuk baino hobe ezagutzen dituzte gure beharrak eta nahiak. Informazioaren eta datuen erabilera masiboak dira azken urteotan gure gizarteak izan dituen aldaketa handienetatik bi. Covid-19ak, baina, hiritarrenganako kontrola areagotu lezake.
Egin dezagun atzera. New Yorkeko Dorre bikien kontrako atentatuen ostean, “segurtasuna ala pribatutasuna” eztabaida piztu zen bizi-bizi. Bazirudien bata aukeratuta, bestearen lekuak atzera egin beharra zuela, betebeharrez. Atentatua shocka izan zen; nonahi zuzenean ikusi ahal izan ziren dorreak erortzen, jendea leihotatik salto egiten, eta “munduko hiriburua” kaosak hartuta. Erabakia zilegia bilakatu zen: segurtasuna zen lehentasuna. 2001ko urriaren 26an, Bush presidentearen planarekin bat eginez, EEBBko kongresuak “USA Patriot Act” legea onartu zuen gehiengo osoz. Besteak beste, legeak kolokan harri zituen norberaren etxearen eta komunikazioen bortxaezintasuna, eta baita epaiketetako berme prozesalak. Noski, horrek izan zituen kontrako hotsak ere: nola liteke konstituzioak ezarritako oinarrizko eskubide batzuen kontrako legerik onartzea? Hamaika urte geroago, Edward Snowden estatubatuarrak milioika hiritarrei Estatuak egindako espioitza atera zuen argitara. Filtrazioen ondoren grabatutako bideo batean zera zioen Snowdenek: “Erabat argi dut hiritarrak izan behar direla Estatuak zer norainoko boterea duen erabakitzen bakarrak, eta ez edozein burokrata”.
Eta orain Covid-19ak buruzgora jarri du mundua. Izango dituen eraginak ez dira argiak oraindik, baina sakonak izango direnaren dudarik ez dago, bai arlo ekonomikoan eta bai, ondorioz, gizartean; ez da hilabete batzuetako kontua izango. Beste shock bat? Noski.
Osasuna ala pribatutasuna. Edo “segurtasuna ala pribatutasuna”. Eztabaida itzuli da. Deskonfinamendua ordenatua eta “segurua” izateko gure mugikorretako datuak erabili nahi dituztela diote Estatuko ministerio eta funtzionarioek. Agian prest egongo ginateke gure pribatutasuna murrizteko, gure osasunaren izenean. Baina, eztabaidak logika bikoiti bakar hori al dauka?
Bada, ez. Teknologia ez da neutroa. Diseinatu egiten da, eta protokoloak helburu batekin hornitzen dira. Xnet-ek komunikazio munduko aktibismoa bultatzen du, datu kontzentrazio handien kontrako egitasmoak eta lege proposamenak eginez. Simona Levi taldeko bozeramaileak Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen aplikazioa analizatu zuen joan den larunbatean TV3 i eskainitako elkarrizketa batean. Leviren iritziz, erabili nahi den aplikazioa ez omen da larria, geolokalizazioa boluntarioa baita, baina gobernuko dekretu batek atea irekitzen omen du gaixoen eta bere ingurukoen mugimenduak kontrolatzeko.
Demokrazia batean pertsona orok pribatutasun esparru bat izan behar du, autoritateak urratu ezin duena; askatasun indibidual batzuk funtsezkoak dira bakoitzak bere subjektibotasun propioak garatzeko. Zentzu honetan, datu pertsonalak ere norberarenak dira, edo izan beharko lukete. Zergatik ez dugu guk sortzen ditugun datuen jabetza? Berriz ere: teknologia ez da neutroa.
Autoritateek eta, batez ere, enpresa handiek dute gure datuen erabileraren eskumena, hasieratik hala nahi izan dutelako, izan ere. Datuak diru sarrerak dira, XXI. mendeko petrolioa. Leviren iritziz, demokratizatu egin behar dira datu hauek, guk gure datuen jabetza berreskuratzeko: “Efizienteak izateko ez da beharrezkoa oinarrizko eskubideak urratzea”, dio. Datuak erabili egin daitezke, teknologia ez da kaltegarria berez; honen erabilera da eragin bat edo bestea sortzen duena.
Orwellen begia: datu etengabeak sarearen zentro erraldoietan biltzen direnean eratzen da begia, esku batek denen informazioa kontrolatzen duenean, alegia. Eta hori teknologiaren diseinua da, erabaki batzuen ondorioa. Ez dago gardentasunik, ez dago hiritarrek egin lezaketen kontrolik, ez dago azalpenik eskatzerik. Big-dataren gizarte honetan, pribatizatu egin dute gure bizitza.
Covid-19a ezin da teknologiak ekar dezakeen kontrola sakontzeko aitzakia izan. Konfinamenduan, orain arte, militarrak ikusi ditugu telebistan; gerra unean omen gaude, eta gerran ez dago funtsezko eskubideentzako lekurik. Irudi belikoek birusak eragindako egoeren shocka areagotzea dakar. Eta shockaren eraginpean, errazagoa da askatasunaren kontrako erabakiak onartzea. Ongi daki Bushek. “Shockaren doktrina” deitu zion Naomi Klein kanadarrak desastreak instrumentalizatzeko bide honi.
Interneten inguruan eztabaida demokratikoa zabaldu beharra dago. Teknologiaren diseinuak ez dira era bakar-bakarrean erabilgarriak diren altxor ukiezinak. Eta bai, badago datu masiboak era demokratikoan erabiltzerik; nahiz eta funtzionario aditu batek esan, teknologiaren planifikazioa eta honek dakartzan ondorio sozioekonomikoak eztabaida publikora eraman behar dira, gure bizitzetan eragina izan ditzaketen aldaketak guk eztabaidatzeko. Probestu dezagun krisi hau teknologia sistemak birpentsatzeko, beste batzuek gure izenean egin baino lehen. Ez Googlerenak, ez Facebookenak, ez Espainiako Gobernuarenak: gure desirak eta harremanak gureak dira.