Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2020-06-15

Barañaingo ekonomia, bertakoei bizkar

Pasa da pandemiaren okerrena. Osasun datu latzak joanak dira titularretatik, eta orain bestelako gai bat sartu da agendan: datorkigun krisi ekonomiko eta soziala. Beste bat, aurrekoa hasi zenetik hamar urte eskas besterik pasa ez direnean. Gauza bat ekarri du Covid-19aren krisiak, zera, orain arte garatu diren molde ekonomikoek eragiten dituzten ondorioak agerian geratu direla, globalizazioaren ahultasuna, kasu. Krisiak aldaketa nabarmenak egiteko erabili daitezke, norabide bat hartzen baita galdutakoa berreskuratzeko ahaleginetan; bide hori zernolakoa izango den, baina, erabakitzeko dago oraindik.

Udal batzordeak osoko bilkura egin zuen joan den maiatzaren 28an, konfinamendua hasi zenetik lehena. Zeintzuk izan ziren tratatutako gaiak? Familia behartsuentzako eta bakarrik bizi den 60 urtetik gorako pertsonentzako diru laguntzak -PSNek bultzatuak-, 2020ko ordenantza fiskalean aldaketak, eta bi adierazpen instituzional.

Epe motzera begira, egia da neurri zehatzak behar direla konfinamenduak eta ekonomiaren beherakadak sortu dituen egoera zailei aurre egiteko. Zentzu honetan, udaletatik diseinatu daitezke hiritarren beharrera gehien moldatzen diren laguntzak. Hala ere, epe ertain eta luze batera ere begiratu beharra dago.

Barañainek badu arazo bat, urtetan luzatu dena: aktibitate ekonomiko oso urria du. Produkzio lokala txikia da, eta bertako lana ere eskasa. Azkenean, jende askok Barañaindik kanpo egiten du bizitza. Krisi honek zerbait erakutsi baldin badu, bada ekonomia lokalak duen garrantzia. Zergatik ez tokiko ekonomiaren garapena sustatzeko plan bat abian jarri?

2018an, Plazaberrin bertan idatzitako artikulu batean, jada bota nuen udalek imajinazioa ere erabili behar dutela, instituzioetako politikatik “betikoa” aldatzeko saiakeran. Barañainen bazegoen garagardo produkzioa: ikusi al zen hemengo tabernek eta supermerkatuek garagardo marka hori sustatzeko kanpainarik? Eulza etorbidean hogei urtetan hutsik egon diren lokal pila daude, eta badute potentziala; bioteknologian lan egiten duen Teknovas enpresak hor du bere Nafarroako egoitza: egin al da enpresa txikiak bertan kokatzeko ahaleginik? Aurreko legealdian, Auditorioak emanaldi nahikotxo egin zituen: azken urte honetan, asko jaitsi da espektakuluen kopurua.

Badirudi Barañaingo ekonomiaren garapena inoiz ez dagoela Udalaren esku, beste administrazio batzuen erabakien pean baizik. Egia da faktore asko daudela Udaletik kontrolatu ezin direnak, baina urtez urte ezer ez egiteak ere eragina du. Bertako biztanleria behera doa pixkanaka; 2018an, 20.000 biztanleren langatik behera kokatu zen Barañain, nahiz eta, azken urtean, zifra hori berreskuratu den. Jakina da, eraiki gabeko ia lurrik ez duen hiri batean, zaila dela bat-bateko aldaketak egitea; gogoratu beharra dago, Barañaingo ekonomiaren hazkunde handienak eraikuntzarekin egon direla lotuak, herriaren hazkunde azkarrekin. Eredu hori agortu egin da, nahiz eta Navarra Sumaren gobernuak azkeneko urbanizazioa bultzatu nahi duen Eultza inguruan, geratzen diren azken lurrak erabat okupatzeko.

Krisi honek utzi digun leziotako bat zera da: daukagunarekin, bizitza kalitatea hobetzeko gai izan behar garela, naturak berak badituelako bere mugak ere. Bizitza ez da hobetzen ustez objektiboak diren adierazle ekonomikoak hobetzearekin soilik, ez. Ekonomia zirkuitoen nolakotasuna ere garrantzitsua da: dirua nora doan, nola banatzen den, zeintzuk diren bertako ekonomiak gizartean eragiten dituen eraldaketak. Ñabardura guzti hauek gabe, Udala itsu-itsuan egongo da barañaindarren bizitza hobetu nahian. Eta, azkenean, herri hil bat izango du esku artean, bertako ekonomiari bizkarra emanez hazi den herria izan baita Barañain orain arte.

Diseño y desarrollo Tantatic