Iñaki Martínez

Iñaki Martínez

XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.

2021-10-07

Gu

Gu. Bizilagunak. Barañain. Herria. Gutako bakoitza, ni, zu, hura, pertsona ezin berdingabea da. Bakarrak dira gure nahiak, desirak, sentimenduak, itxura. Baina bada gure gainetik sortu eta guregan eragiten digun zerbait zabalagoa. Zabalagoa da ez baita inoren parte soila den ezer, ez baita norberaren nahien arabera aldarazten den ezer. Zabalagoa da guk guztiok baikara bere parte, eta zera hau ez baita inoiz singularrean idatzi.

2014ko maiatzean, birsortu berria zen Barañaingo Gazte Asanbladak (BGAk) bere lehen agerraldi publikoa egin zuen. Garaikoak dira oraindik Barañainen ikus daitezkeen “Gazteon gara da!” aldarria duten kamiseta arrosak. Egitaraua lasaia zen, hitzaldiak, bazkari herrikoi bat, etab.

Baina jardunaldi horiek ez ziren zailtasun gabe antolatu. Asteburu osoko egitaraua zen, eta ginkana batekin zen hastekoa, Lakuko parkean. Hasteko denbora gutxi falta zela, Guardia Zibila agertu egin zen, bi egunetarako aktibitate guztiak kalean egitea oztopatzeko, identifikatuak medio. Haizea elkartean egin ziren jardunaldiak azkenean, formatu txikiagoan. Baina egin ziren. Gazte mugimenduak urte batzuk zeramatzan erabat erritmoa hartu ezinik, baina, maiatz hartatik hona, modu batez edo bestez jarraitu egin du uneoro.

Covid-19aren krisiak zera erakutsi digu: beharrezkoak ditugu lagunen arteko harremanak, ezagunak agurtu eta beraiekin elkartzea, herriko giroaz parte hartzea, beste jendearekin kirola egitea. Bakarrik bagaude, isolaturik, gurea den eta aldi berean gure eskutatik ihes egiten duen zerbait falta zaigu. Kolektiboa.

Pandemiaren ondoren, badira Barañain erabat lasaia nahi dutenak, herrirako duten proiektua lotarako hiri bat izatea besterik nahi ez dutenak. Eta helburu horretarako ahaleginetan egon dira hamarkadatan. Pertsona indibidualistak sortzen dituen herri bat nahi dute, bakartiak -ez bakarrak-, kontestuak egiten gaituelako gu.

Aplikatu dezagun 2020ko udaberrian ikasi genituenak. Hamarnaka pertsonek izena eman zuten, adibidez, Covid-19aren eragin larriei aurre egin nahi zion Barañain Zainduz boluntario sarean. Zenbat jakituria berri sortu izanen dira bertan? Horrek badu balio bat, eta pertsona bakoitzarengandik haratago doa.

Kolektiboa egunez egun sortzen den zerbait da, eta badu ondorio bat: pertsonok aurrera egiten dugu ustez ezberdinak direnekin harremanetan jartzean, gurea ez den zerbait uste genuena Barañainen badela antzeman eta horrekin bizi eta partekatzean.

Baloreak ez dira komunikazioaren bitartez ereiten diren hitz hutsak. Errepikatuz eta errepikatuz, baliteke arbuioa besterik ez jasotzea. Enpatia, elkartasuna, berdintasunaren desira, aniztasuna. Praktikotasunean lortzen diren hitz potoloak dira, egunean-egunean.

Ni, ni, ni. Beti Ni. Ba “Ni” hori gure artean sortzen da, eta kolektiboaren parte da. Batzuek garatu nahi ez badute, gutxienez utzi dezatela gainerakoek herriko sarea indartzen. Herri Gunea, abesbatzak, Gaztetxea, elkartasun taldeak, boluntarioak, kultur espazio formal eta informalak… Gu.

Diseño y desarrollo Tantatic