Iñaki Martínez
XX. mendeko azken urteetako batean jaioa. Bizitzan gaztetxoa. Buru barnean? Baita ere. Horra hor nire gunetxo honetara sartzeko arrazoia.
Galdetu gazteei ea kultura nahi duten
Iruñeko gazteen artean, nire inguruan gutxienez, zaila da antzezlanak ikusteko ohitura dutenak topatzea. Ez da berdin gertatzen, baina, musika espektakuluekin. Kultura gazteen aisialdiaren ezinbesteko dimentsioa da, eta musikak hartzen du horren puska handiena. Iruñean.
Aldiz, bestelako lekutan musikak ez du zuzeneko kulturaren kota osoa hartzen. Bartzelonan, adibidez, antzezlanetan gazte aurpegi ugari ikusi daitezke eserlekuetan. Askotan garestiak dira antzezlanak, baina kultura formala, gizarteko beste gauza asko bezala, eskuragarriagoa egin daiteke poltsiko txikientzat, administrazioek hala bultzatzen badute behintzat.
Katalunian oso ezaguna da zuzeneko kultura espektakuluak gazteengan bultzatzen dituen programa bat: "Escena 25". Hileroko 25. egunean, 25 urtetik beherako gazteentzako deskontuak ateratzen dira, antzezlanetarako batez ere. Bartzelonan dira gehienak, baina baita bestelako hiritan, Lleida, Vic, Sabadell, Terrassa, Tarragonan.
"Escena 25" plataformak kalitatezko kultura jartzen du eskuragai gazteentzat. Zazpi eta hamaika euroren tartean, lehen mailako antzezlanak ikusteko aukera dago, eta baita konpainia txikiagoen lanak ere.
Zein da eragina? Gazte askok kultur munduan ezezaguna izan zezaketen arlo berri bat ezagutzen dute, antzerkia, eta espektakulu berritara joateko grina sortzen zaie beregan. Baliteke, gazte askok, behin 25 urte beteta, prezio normala ordaintzea antzezlanak gozatzen jarraitzeko, itzuli nahiko baitute zuzeneko fikzioaren grinak berriz bizitzera.
Iruñean ez dago antzerki eskaintza oso handirik, baina badira saioak eskaintzen dituzten aretoak. Eta Barañainek, pribilegio osoz, izugarrizko esparrua du Auditorioan. Iruñerriko hiritarren kultur eskaria aldatzea zaila da, baina, pixkanaka-pixkanaka, instituzioetatik lortu daiteke imajinazioz kultur politika berriak sortu eta eskari eta eskaintza aberatsago batera heltzea.
Baliteke, orain "Escena 25" bezalako programa bat ezartzen baldin bada, hemendik hamar, hamabost edo hogei urtera generazio berri batek antzerkia gehiago baloratzea. Baliteke. Edo bestelako planak planteatu litezke, Iruñerriko errealitatera aplikatuak. Eta zergatik ez egin hori Iruñerriko Mankomunitatetik, udalerrien ekintza propiotik? Zergatik ez?
Ezin da esan, kultur arlo bateko eskaintza urria baldin bada, gizarteak baloratzen ez duelako denik. Kontestuak egiten du dena, eta kultura baloratzen jakitea ere bada egunez egun egin beharreko zer. Eraiki dira auditorioak, kultur zentroak, Civivox-ak, baina orain bete egin behar dira. Galdetu gazteei ze kultura nahi duten, eta lortu orain dagoen eskaintza beraiengana hurbiltzea. Eta saiatu gero eskaintzen zaien hori gero eta aberatsagoa izaten. Baliatu gazteen kuriositateaz etorkizuneko helduek antzerkia balora dezaten.